Kartzela-politika
Gorka Fraile ETAko preso durangarra aske, 22 urteko espetxealdiaren ondoren
Euskadi Irratia | erredakzioa
Euskal Preso Politikoen Kolektiboko kideek bide juridiko penitentziarioa abiatu zutenetik bide hori burutzea lortu duen lehen presoa da Fraile.
Gorka Fraile ETAko preso durangarra aske geratu da baldintzapean, kartzelan 22 urte egin ondoren. Etxeratek azpimarratu duenez, Euskal Preso Politikoen Kolektiboko (EPPK) kideek bide juridiko penitentziarioa abiatu zutenetik bide hori burutzea lortu duen lehen presoa da Fraile.
25 urteko kartzela-zigorra ezarri zioten Fraileri txikizioa eragitea eta leherkariak eta armak izatea egotzita, eta zigorraren hiru laurdenak aspaldi zituen. Gaitz larria du, gainera: mihiko kartzinoma.
Abendutik hirugarren graduan dago, eta Iruñeko kartzelara gerturatu zuten orduan, bertan lo egin zezan. COVID-19 koronabirusa tarteko, hirugarren graduan dauden presoei etxean geratzeko aukera erraztu die Espainiako Barne Ministerioak, eta Fraile baldintzapean aske geratu da, Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzak martxoaren 27an ateratako autoa irmoa baita jada. Haren arabera, bergizarteratzeko baldintzak betetzen ditu.
Sarek zein Etxeratek ontzat eman dute Fraile aske geratzea. Hala ere, bi elkarteok salatu dute EPPK -ko kide askok zigorraren hiru laurdenak beteta dituzten arren, Fraile dela hirugarren graduan dagoen bakarra, eta askok lehen graduan jarraitzen dutela oraindik ere.