Itxi

Koronabirusa COVID-19

"Lankidetza eraginkorra" izateko, "ziurtasunak" eskatu dizkio Urkulluk Sanchezi

EITB.EUS

Leer en Castellano

"Maskaren, testen eta horniduren banaketen inguruan" argitasuna eskatu dio lehendakariak Espainiako Gobernuari. "Lehenengo, koordinazioa, gero, komunikazioa; eta ez alderantziz", gaineratu du.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Koronabirusaren krisia dela eta, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak Autonomia Erkidegoen presidenteekin izandako bileran, "ziurtasunak" eskatu ditu Iñigo Urkullu lehendakariak, Gobernuek "lankidetza eraginkorra" izan dezaten.

"Zalantzarik eragiten ez duen ezagutza argia da ziurtasuna", helarazi dio Sanchezi, "usteetan oinarrituta kudeatzen edo komunikatzen dugunean, arazoak larriagotzen dira, gure elkarkidetza kaltetzen du horrek eta gizartea nahasten dugu". "Lehenengo, koordinazioa, gero, komunikazioa; ez alderantziz", azpimarratu du.

Horrela, "maskaren, testen, horniduren iritsieraren eta banaketaren inguruan" argitasuna eta "ziurtasunak" eskatu dizkio Urkulluk, baita "pandemiaren garapenaren, isolatze sozialaren eszenatokien, lan-osasunaren protokoloen eta enplegura zuzendutako planen" gainean ere.

Bere hitzaldiaren hasieran lehendakariak EAEko egoeraren nondik norakoak azaldu dizkie Sanchezi eta Erkidegoko gainerako presidenteei. Kutsatze, ospitaletze eta ZIUko okupazio datuek "hobera" egin dutela jakinarazi die. Bestetik, "hornidura gabeziak" izan dituztela gaineratu du, baina Jaurlaritza "egunero hori konpontzen" ibili dela esan du. Azkenik, erresidentzietan izandako adinekoen heriotzak aipatu ditu, esanez "lehentasuna" direla.

Bestalde, "enplegua sustatzeko politikei buruzko erantzun falta" leporatu dio Urkulluk Espainiako Gobernuari, eta sintomarik gabeko gaixoak isolatzeko azpiegituren zerrendaren "erabilpena, kudeaketa eta euskarri ekonomikoa" argitzeko.

Larunbat honetan Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak proposatutako Estatu Akordioei buruz, "Eusko Jaurlaritzaren laguntza" eskaini dio Urkulluk, hori bai, itun horien "edukiak eta bilgarria eztabaidatuta".

Amaitzeko, Erkidegoen presidenteekin egindako bileren "formatoa eta lan-eredua" aldatzeko eskatu du lehendakariak, "onartezina baita eragiten duten nahastea".

Sanchezen proposamena

Bestalde, "Ekonomia eta Gizartea Berreraikitzeko Itun" baten beharra helarazi die Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak Erkidegoko presidenteei, behin koronabirusaren pandemia gaindituta, eta itun horrekin bat egitera gonbidatu ditu, horren iritziz, "herritarrei bidali behar diegulako koordinazio eta elkarlanaren mezua".

Sanchezek azpimarratu duenez, "bihotzez eta fede onenarekin" egiten die proposamena, "lehentasuna" delako "koordinazio eta kooperazio mezua" bidaltzea, hau da, erakundeek eta alderdiek "batera" lan egiten dutela.

Albisteak (3)

Bideoak (1)