Koronabirusa
Alarma-egoera maiatzaren 11ra arte luzatzea eska lezake Sanchezek
eitb.eus
Erabaki hori hartu ahal izateko, ezinbestekoa da lehenbizi Ministro Kontseiluaren babesa izatea. Espainiako Gobernuko presidentea asteartean bilduko da ministroekin.
Asteazkenean, apirilak 22, Europako Kontseiluaren ezohiko bileraren berri emango du Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak Kongresuan. Egun horretan bertan, alarma-egoera beste 15 egunez luzatzea eska dezake, eta, horrenbestez, gaur egungo neurri murriztaileak gutxienez maiatzaren 11ra arte egongo lirateke indarrean.
Sanchezek berak joan den asteko osoko bilkuran aurreikusi zuen aukera hori, egun indarrean dagoen dekretua berriro luzatzea eskatzeko Kongresura itzuli beharko zuela "ziur" zegoela aurreratu baitzuen.
Alabaina, erabaki hori hartu ahal izateko, ezinbestekoa da lehenbizi Ministro Kontseiluaren babesa izatea. Espainiako Gobernuko presidenteak asteartean, hilak 21, egingo du ohiko bilera koalizio-gobernuko ministroekin. Hurrengo egunean, 15 eguneko beste luzapen bat eskatzeko aprobetxa lezake Sanchezek Kongresuan egingo duen agerraldia.
Konfinamenduarekin jarraitzeko beharrezko babesa lortuz gero, Ministro Kontseilua berriro bilduko litzateke, neurria babesteko, eta Estatuko Aldizkari Ofizialean (BOE) argitaratu ondoren sartuko litzateke indarrean.
Horrela, alarma-egoera maiatzaren 11n bertan behera uztea erabakitzen bada, 57 egun iraungo du konfinamenduak; izan ere, Espainiako Gobernuak martxoaren 14an ezarri zuen alarma-egoera, koronabirusak eragindako pandemiari aurre egiteko asmoz.