Koronabirusa
Ituna batzorde parlamentarioan negoziatzea adostu dute Sanchezek eta Casadok
agentziak | erredakzioa
PP gustura agertu da akordioarekin, negoziazioak ateak irekita izango direlako.
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea eta Pablo Casado oposizioko burua ados jarri dira, eta koronabirusaren osteko berreraikuntza ekonomiko eta sozialerako itunaren negoziazioa batzorde parlamentarioan egingo da, Efe albiste-agentziak PPko eta Espainiako Gobernuko iturrietan oinarrituta jakinarazi duenez.
Hasiera batean, Gobernuaren asmoa mahai bat eta lau lantalde osatzea zen, ituna uztailean prest edukitzeko helburuarekin, baina orain Sanchezek eta Casadok aldatu egin dute metodologia.
PP gustura agertu da akordioarekin, negoziazioak ateak irekita izango direlako, alderdiko iturrietatik azaldu dutenez.
Hasierako planaren arabera, mahai nagusi bat eratu behar zen, presidentearekin, lau presidenteordeekin eta alderdietako bozeramaileekin, eta beste lau lantalde Kongresuan, ekonomiaz, ongizateaz, osasunaz eta Europar Batasunaz hitz egiteko.
Orain, hasierako proposamen hori egokitu egin beharko dute Sanchezek eta Casadok egindako akordiora, eta ituna batzorde parlamentarioan bilatuko dute.
Aldaketa horiek medio, ez da ziurra lehenengo bilera bihar bertan izatea.
Alderdiei egindako lehenengo proposameneko aurreikuspenen arabera, uztaileko lehenengo hamabostaldian hasi behar ziren indarrean jartzen Espainiako Gobernuak, erkidegoek eta udalek adostutakoa.