Koronabirusa
Nafarroako Gobernua pandemiaren ondorioei aurre egiteko plana lantzen ari da
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Maria Chivite presidenteak bere asmoen berri eman die talde parlamentarioetako bozeramaileei. Plana eragile politiko, ekonomiko eta sozialekin elkarlanean jarri nahi du martxan.
Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidenteak agerraldia egin du Parlamentuko batzordean koronabirusaren pandemiaren ondorioei aurre egiteko hartuko dituen neurri ekonomiko eta sozialen berri emateko.
Bilera hasi aurretik, minutu bateko isilunea egin dute talde parlamentarioetako bozeramaileek, COVID-19aren ondorioz Nafarroan hil diren pertsona guztien oroimenez.
Chivitek nolabaiteko baikortasuna agertu du, osasun agintariek emandako azken datuen harira; izan ere, kutsatutako nahiz ospitaleratutako pertsonen kopuruaren gorakada pixka bat moteldu egin dela eta senda-agiria jaso duten lagunen kopuruak gora egin duela erakutsi dute.
"Konfinamendua biguntzen hasteko fasera hurbiltzen ari gara, baina prozesu hori mailakatua eta adostutakoa izan beharko da, eta zuhurtzia eta zorroztasun handiz gauzatu beharko dugu", azpimarratu du Chivitek.
Gauzak horrela, Nafarroa berriro martxan jartzeko hainbat neurri ekonomiko eta sozialez osatutako plan bat lantzen ari direla iragarri du. Chivitek erantsi du egitasmo hori eragile politiko, ekonomiko eta sozialekin batera landu nahi dutela, baitan tokian tokiko eragileekin elkarlanean ere.
COVID-19a detektatzeko probei dagokienez, presidenteak esan du sintomak dauzkaten eta gaitza gainditu duten pertsona guztiei egitea dela Gobernuaren asmoa. Ildo horretan, gogora ekarri du testak adinezkoen egoitza guztietan egiten direla jada.
Talde parlamentarioetako ordezkarien galderei erantzunez, Chivitek aitortu du ezinezkoa dela koronabirusa antzemanetako probak Nafarroako herritar guztiei -600.000tik gora- egitea.
Horrez gain, adinekoen egoitzetan kasuak lehenbailehen antzemateko eta gaixorik dauden pertsonei jarraipena egiteko proiektu telematiko bat iragarri du. Erabiltzaileei gorputzaren tenperatura hartzen duen besoko bat jarriko diete eta horrela monitorizatuta egongo dira. Hasieran batean erresidentzia batzuetan soilik egingo dute, froga gisa.
Arlo ekonomikoan, Chivitek jakinarazi du 74 milioi euro bideratu dizkietela enpresei, berme eta maileguen bidez.
Nafarroan 6.595 aldi baterako lan-erregulazio espediente aurkeztu direla, plan horien eraginpean 55.486 langile daudela -% 83 zerbitzuen sektoran- eta guztiek ezohiko prestazioa jasoko dutela ziurtatu du.
Halaber, etxebizitzaren alokairua ordaintzeko laguntzak aipatu ditu.
Amaitzeko, herritarrei bere esker ona adierazi die, koronabirusaren pandemiaren aurrean "elkartasunez eta konpromisoz" erantzuteagatik.