Itxi

Koronabirusa

Alarma-egoera ez luzatzea eta konfinamenduaren amaiera kudeatzea eskatu du Urkulluk

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Konfinamendua arinduko bada, alarma-egoera luzatzea beharrezkoa ez dela esan du lehendakariak, eta Espainiako Gobernuaren kudeaketa zentralizatzailea kritikatu du.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Iñigo Urkullu lehendakariak alarma-egoera ez luzatzeko deia egin du. Konfinamendua biguntzeko prozesua hastera doan honetan, salbuespen-egoera gehiago luzatzea beharrezkoa ez dela iritzi dio.

Aurrerantzean koronabirusaren pandemiak eragindako krisia ohiko araudiaren bidez kudeatu beharko litzatekeela esan du, eta 1986ko Osasun Publikoaren Lege Organikoa eta Osasun Publikoaren 33/2011 Legea horretarako tresna eraginkorrak direla erantsi du.

Horrez gain, Espainiako Gobernuaren jarrera kritikatu du, "probintzien estatu bat" planteatu duelako eta "aniztasuna bultzatu beharrean zentralizazioaren bidetik atzeraka joan delako".

"Eredu horrek ez du Estatu plurinazionala aintzat hartzen, ezta autonomien Estatua ere, eta are gutxiago euskal autogobernuaren berezitasuna", salatu du Urkulluk.  

Erakundeen arteko bileran parte hartu du lehendakariak, eta han egin ditu aipatu adierazpenak. Espainiako Gobernuak atzo onartu zuen "normaltasun berrirako trantsizio plana". Pedro Sanchezek konfinamendua arintzeko plan horren xehetasunak azaldu zituen eta, edonola ere, alarma-egoera gutxienez beste 15 egunez luzatzea eskatuko zuela iragarri zuen.

Urkulluren esanetan, Sanchezen Gobernua bere eredua "inposatzen" ari da, eta "aginte bakarraren eredua ez da onena, ezta eraginkorrena ere; alderantzizkoa, hain justu ere".

Lehendakariak berretsi du "elkarlanean" aritzeko eta dena "modu koordinatuan" egiteko borondatea daukala, baina konfinamenduaren amaiera Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Eusko Jaurlaritzak kudeatu behar duela azpimarratu du. 

 

Albisteak (3)

Bideoak (1)