Koronabirusa
Konfinamendua arintzeko plana osasun eremuka egitea aztertuko du Osasun Ministerioak
Agentziak | Erredakzioa
Izan ere, Espainiako Gobernuak deseskalatzerako planean ezarritako lurralde unitateen ordez, beste aukera batzuk aztertzeko eskatu dute autonomia erkidegoek.
Konfinamendua arintzeko plana garatzeko orduan, Espainiako Gobernuak ezarritako lurralde unitateak (probintziak eta uharteak) soilik kontuan hartu beharrean, neurriak osasun-eremuen arabera hartzea eskatu dute autonomia erkidegoek, eta, horren aurrean, deseskalatze plana beste lurralde unitate batzuen arabera egiteko proposamena aztertzen ari dela jakinarazi du Osasun Ministerioak.
Deseskalatze plana lau fasetan egingo dute, eta neurri guztiak probintzien edo uharteen datuen arabera ezarriko dituzte. Horrela, ekainaren amaierara arte luzatuko litzateke konfinamendua biguntzeko plana.
Testuinguru horretan, Salvador Illa Osasun ministroak ez du baztertu autonomia erkidegoen proposamena aztertzea, "normaltasun berrira" iritsi aurretik atzean utzi behar diren fase horiek probintziaka eta uharteka egin ordez osasun-eremuen arabera egiteko.
Alabaina, mugikortasunari dagokionez, unitate bakoitzaren isolamendua bermatu nahi du Osasun ministroak. Horrez gain, aztertu beharreko beste irizpide epidemiologiko, tekniko, sanitario eta ekonomiko batzuk daudela gaineratu du.
Bestalde, Sanchezek aurreratutako trantsizio-plana baztertu du Iñigo Ukullu lehendakariak, Nekane Murga Osasun sailburuak bezala, Espainiako Gobernuak "probintzien estatu bat" planteatu duela iritzita, eta "aniztasuna bultzatu beharrean zentralizazioaren bidetik atzeraka joan delako".
Hori dela eta, euskal erakundeekin "aldebiko elkarrizketa" ezartzeko eskatu dio Urkulluk Espainiako presidenteari, Euskadin koronabirusak eragindako pandemia atzean uzteko trantsiziorako "edozein plan" garatzeko.