Itxi

Koronabirusa

Osakidetzako larrialdietako zuzendaria salatu dute konfinamendua urratzeagatik

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Kantabrian duen bigarren etxera joan zen. Nekane Murga Osasun sailburuak esan du Sanchezek azalpenak eman arte ez dutela inolako neurririk hartuko.

Jon Sanchez artxiboko irudi batean. Argazkia: Bizkaiko Batzar Nagusiak

Jon Sanchez Osakidetzako larrialdietako zuzendaria salatu dute koronabirusaren pandemiagatik ezarritako konfinamendua urratzea egotzita.  

Castro Urdialesen (Kantabria) duen bigarren etxera joan zen eta apirilaren 21ean Udaltzaingoak isuna jarri zion, gaur hainbat komunikabidek zabaldu dutenez.

Bere lantokian hainbat kasu positibo izan zirelako, COVID-19aren probak egiteko zain zegoela eta berarekin bizi diren adineko pertsonak babesteko asmoz joan zela hara kontatu zuen. Udaltzainei ez zitzaien sinesgarria iruditu eta salaketa aurkeztu zuten.

Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak adierazi duenez, Sanchezek gertatutakoaren berri eman zien bere arduradunei, eta Castro Urdialesera zergatik joan zen justifikatu dezakeela azpimarratu zuen.

"Berak esan digu ez duela salaketarik jaso eta, beraz, ziur egon arte eta dokumentazioa jaso arte itxaron behar dugu", erantsi du Murgak.  

Sailburuak zehaztu duenez, duela bizpahiru egun izan zuen Osakidetzako larrialdietako zuzendariak egindakoaren berri. "Baina orain dudan informazioarekin ezin dut ezer gehiago esan", berretsi du.

EH Bilduk espedientea irekitzeko eskatu du, eta PPk Sanchez kargugabetzeko

Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak espediente bat irekitzeko eskatu du eta esan du "larria eta onartezina" dela Osakidetzako goi-kargu batek konfinamendurako arauak urratzea, areago osasun arloko zuzendari bat izanda.

Halaber, Osasun Saila eta Murga sailburua "arduragabekeriaz eta zabarkeriaz" jokatzen ari direla salatu du, "ulertezina baita oraindik espedienterik abiatu ez izana".

Carlos Iturgaiz PPko lehendakarigaia harago joan da eta Sanchez kargutik kentzeko eskatu du, "konfinamendua nahita urratu duen pertsona bat ezin daitekeelako larrialdietako zuzendari".

LABek eta ESK-k Sanchezen dimisioa eskatu dute

ELA sindikatuak Sanchez ikertzeko eskatu du, larrialdi egoera honetan erantzukizunez jokatzea denon ardura dela azpimarratuta.

"Osasun arloko goi-karguek, gainera, ardura handiagoarekin jardun behar dute", nabarmendu dute ohar batean.

LAB sindikatuak onartezintzat jo du larrialdietako zuzendariak konfinamendua haustean, gizartea eta osasun sektoreko langileak pandemia gainditzeko ahaleginean ari direnean.

Kantabriara joan zela baieztatzen bada, Sanchezek dimisioa eman behar duela azpimarratu du LABek.

ESK sindikatuak ere eskatu du Osakidetzako goi-karguaren dimisioa. Sanchezek arduragabekeriaz jokatu duela esan du, "COVID-19aren harira ezartzen diren protokoloak ezagutzen dituelako".

Murga sailburuak gertakari honen aurrean neurririk hartu ez izana ere gogor kritikatu du sindikatuak. "Nahi duena egiten utzi dio. Hau guztia iraingarria da sakrifizio handia egiten ari diren Osakidetzako langileentzat nahiz herritarrentzat", gaineratu dute.

Euskadiko CCOO sindikatuak ere ikerketa bat abiatzea galdegin du, eta kritikatu du Osakidetzako langileak "egoerak eskatzen duen maila ematen ari diren bitartean", zuzendaritzako kideak maila bera ematen ari ez direla.

Albisteak (1)