Koronabirusa
Larrialdietako zuzendariak dimisioa eman du, konfinamendua urratzeagatik salatuta
Agentziak | Erredakzioa
Jon Sanchez, Osakidetzako Larrialdietako zuzendaria bera, apirilaren 21ean salatu zuen Castro Urdialeseko Udaltzaingoak, bigarren etxera joan ostean. Jaurlaritzak dimisioa onartu du.
Jon Sanchez Osakidetzako Larrialdietako zuzendariak dimisioa eman du astearte honetan, alarma-egoerak ezarritako konfinamendua urratzeagatik salatuta izan ostean. Eusko Jaurlaritzak dimisioa onartu egin du.
Hain zuzen ere, Sanchez apirilaren 21ean salatu zuen Castro Urdialeseko (Kantabria) Udaltzaingoak, etxealdia urratuta, bigarren etxera joanda.
Orduan, Jon Sanchezek argudiatu zuen egun pare bat soilik emango zituela bertan; izan ere, COVID-19aren testa egiteko zain zegoen, bere lanpostuan hainbat kutsadura atzeman zituztelako.
Dimisioa eman badu ere, Sanchezek ez du oraindik jaso salaketaren jakinarazpen ofizialik. Ziurtatu duenez, "bide legal eta administratibo guztiak baliatuta" aldeztuko du bere burua.
Gainera, zehaztu du ulertzen duela "arauak guztientzat direla berdinak", eta, ezohiko egoera honetan, beharrezkoa dela gomendioei jarraitzea: "Are gehiago, kargu publikoa izanik". Azkenik, berarengan "jarritako konfiantza" eskertu du, eta goraipatu du "Osakidetzako Larrialdietako Zerbitzuko profesionalek egiten duten lan bikaina".