Koronabirusa
Kongresuak maiatzaren 24ra arte luzatu du alarma-egoera
AGENTZIAK
EAJren eta Ciudadanosen babesari esker atera dute aurrera ekimena. Horrela, laugarren aldiz luzatu du Pedro Sanchezen Gobernuak alarma-egoera.
Kongresuak laugarren aldiz luzatu du koronabirusari aurre egiteko ezarritako alarma-egoera. EAJren eta Ciudadanosen babesarekin lortu dute ekimena aurrera ateratzea Espainiako Kongresuan.
Hala ere, oposizioko talde guztien kritikak entzun behar izan ditu Pedro Sanchezek, eta alternatibak eskaini behar dituela aurpegiratu diote. Eztabaidan, agerian geratu da PSOE eta PPren jarrerak aldenduta daudela.
Hauek dira alarma-egoera luzatzearen alde bozkatu duten taldeak: PSOE, Unidas Podemos, Ciudadanos, EAJ, Coalicion Canaria, Nueva Canarias, Teruel Existe, PRC, Mas Pais eta Compromis.
Voxek, ERCk, JxCatek, CUPek eta Foro Asturiasek kontra bozkatu dute. EH Bildu, BNG, PP eta UPN, aldiz, abstenitu egin dira.
Horrela, bada, herritarren mugikortasuna eta jarduera ekonomikoa murriztuta egongo dira maiatzaren 24ra arte, baina aurrerantzean erkidegoetako gobernuei protagonismo gehiago emateko konpromisoa hartu du Pedro Sanchezek.
Sanchezek baieztatu du konfinamendua biguntzeko prozesuan hartuko dituen erabakiak erkidegoetako gobernuekin adostuko dituela. Edonola ere, hainbat kritika egin dizkiote, baita luzapenaren alde bozkatu duten taldeetako bozeramaileek ere, koronabirusaren pandemiak eragindako krisiaren kudeaketagatik.
Espainiako Estatuan 26.000 lagun hil dira COVID-19aren ondorioz. Ildo horretan, Sanchezek iragarri du biktima guztien oroimenez dolu egun bat ezarri eta omenaldi bat antolatuko dutela, baina konfinamendua arintzeko hurrengo fasean egon arte itxaron beharko dela horretarako.
Datuak zehaztu barik, alarma-egoera beste hainbat astez indarrean izan beharko dela adierazi du, besteak beste, familiei, autonomoei eta enpresa txiki eta ertainei zuzendutako laguntzak arriskuan ez jartzeko.
EAJren eta Ciudadanosen baldintzak, alde bozkatzeko
Espainiako Gobernuak autonomia erkidegoetako agintariekin elkarlanean hartuko ditu hurrengo erabakiak. Hala eskatu du EAJk eta hala dago jasota alarma-egoera luzatzeko dekretuan.
Beraz, konfinamendua malgutzeko prozesuaren kudeaketa "konpartitua" izango da eta adostutako neurri horiek indarrean jartzeko ardura gobernu autonomikoek izango dute.
EAJk beste baldintza bat ere jarri du aldeko botoa emateko: Legebiltzarrerako hauteskundeak antolatzeko eskumena izatea eta alarma-egoera indarrean egon arren hauteskundeak egiteko beharrezkoak diren jarduera guztiak bermatuta egotea.
Ciudadanoseko buruak, Ines Arrimadasek, azaldu duenez, ondoko eskakizunak egin dizkio Sanchezi: alderi baterako lan-erregulazioak eta laguntza ekonomiko eta sozialak alarma-egoerari lotuta ez egotea; krisiaren irteera ordenatua planifikatzea; eta Gobernuak oposizioarekin astero hitz egitea eta hartu beharreko neurriak haiekin adostea.
Babesa galtzen
Bestalde, Pablo Casado PPko buruzagiak "botere politiko absolutua" nahi duela leporatu dio Sanchezi, eta gogoratu dio egoera hau ezin daitekeela mugarik gabe luzatu.
Hortaz, luzamendu gehiago eskatuz gero, PPk kontra bozkatuko duela aurreratu du eta beste talde askok gauza bera egingo dutela gaineratu du.
ERCk aurkako botoa eman du eta alarma-egoera luzatzeko eskuinaren botoak bilatu izana aurpegiratu dio Sanchezi.
Gabriel Rufianek azpimarratu du ERCrekin hitz egin gabe ez dagoela legealdia amaitzerik, eta politikan doako ezer ez dagoela ohartarazi dio Sanchezi.
Lehentasuna herritarren osasuna dela esan du EH Bilduk
Mertxe Aizpurua EH Bilduko diputatuak PSOEk Ciudadanosekin egindako akordioa kritikatu du, eta inbestidura ahalbidetu zuten taldeekin "zubiak ez hausteko" eskatu dio Sanchezi, orduan lortutako babesak gal ditzakeelako.
Kongresuko eztabaidan, Aizpuruak deitoratu egin du klase politikoa gizartearen aurrean huts egiten ari dela, eta, ildo horretan, herritarrak koronabirusagatik eta pandemiak utziko dituen ondorio sozial eta ekonomikoengatik izututa daudela azpimarratu du.
"Hau ez da kasino bat. Herritarren eskubideak ezin dira salerosi, eta gu ez gara horretan sartuko. Herritarren osasunarekin ezin da jokatu", adierazi du.
Horregatik, hain zuzen, herritarren osasuna lehenesteko asmoz, EH Bilduk abstentzioaren aldeko hautua egin du, baina boto hori "txeke zuri" gisa ez hartzeko ohartarazi dio Sanchezi.
"Gutxiengoarekin gobernatzen ari zara, eta, beraz, zuk bilatu behar dituzu babesak, eta ezin dituzu exijitu edo aurretiaz lortutzat eman", erantsi du.
Horrez gain, larrialdi-egoera "zentzu eta logikarik gabe" kudeatzen ari dela aurpegiratu dio, eta konfinamendua malgutzeko prozesua autonomia erkidegoek zuzentzea proposatu du, tokian tokiko erakundeekin elkarlanean eta osasun agintarien irizpideen arabera.