Koronabirusa
Ministerioak eta Jaurlaritzak gaur erabakiko dute EAE 1 fasera pasatuko den
Agentziak | Erredakzioa
Ostegunean, bi aldeek bilera egin dute, konfinamendua malgutzeko plana aztertzeko; erabakia bi erakundeek hartuko dute, batera.
Espainiako Gobernuaren Osasun Ministerioak eta Eusko Jaurlaritzak beste topaketa bat izango dute gaur, ostirala, eta bertan erabakiko dute EAE koronabirusaren pandemiagatik ezarritako konfinamendua malgutzeko 1 fasera pasatuko den. Hala eman du jakitera Eusko Jaurlaritzak.
Ostegun arratsaldean, Espainiako Osasun Ministerioak eta Eusko Jaurlaritzak bilera egin dute, konfinamenduaren biguntzeaz hitz egiteko. Jaurlaritzaren aldetik, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburua eta Nekane Murga Osasun sailburua izan dira bertan.
Topaketak ordubete iraun du, eta "modu adeitsuan eta lankidetzan" egin dute. Jaurlaritzak nabarmendu duenez, adostutako lankidetza-baldintzak eta kogobernantza kontuan izanda egin dute.
Bi sailburuek konfinamendua arintzeko proposamena aurkeztu dute, EAE osorako hurrengo fasera aurre egiteko, "betiere beharrezko zuhurtziaz eta konfinamenduaren arintzearen jarraipen zehatza eginez".
Ostiral honetan, beste bilera bat egingo dute, eta "bi erakundeek elkarrekin" hartuko dute erabakia, Eusko Jaurlaritzaren esanetan.