Deseskalatzea
Hauteskundeak segurtasunez egiteko baliabideak egongo direla bermatu du Urkulluk
Agentziak | Erredakzioa
Diputazio Iraunkorrean egindako agerraldian, erantzukizunez jokatuz "hauteskundeez hitz egiteko garaia" dela esan du. Halaber, eztabaida elektoralistak bazter uzteko eskatu du lehendakariak.
Iñigo Urkullu lehendakariak ziurtatu egin du Euskadin “prebentziorako baliabide nahikoak” daudela apirilaren 5ean koronabirusaren ondorioz atzeratutako hauteskundeak uztailean egiteko.
Urkulluk Legebiltzarreko Diputazioa Iraunkorrean hitz egin du Jaurlaritzak koronabirusaren pandemiaren aurrean hartutakoa azken erabakiak azaltzeko, administrazioak buru belarri deseskalatze prozesuan sartzear daudenean.
Lehendakariak bigarrenez hitz egin du Diputazio Iraunkorraren aurrean. Aurrekoan, apirilaren 24an, hauteskundeak uztailean egitea proposatu zuen. Erabakia datorren astean har dezake euskal alderdiekin batzartu ostean.
Gaurko agerraldian, lehendakariak azpimarratu egin du erantzukizunez jokatu eta “hauteskundeez hitz egiteko garaia dela”, baina eztabaida “elektoralistak” bazter uzteko eskaera ere egin du. Urkulluk adierazi duenez, “zalantzek, zailtasunek eta ziurgabetasunak baldintzatutako egoera bizi dugu, eta horrela inork ezin du ziurtasunik agertu”.
Lehendakariak esan duenez, kontua ez da data baten edo bestearen inguruan eztabaidatzea, “erabakiak erantzukizunez hartzea baizik, informazio guztia kontuan hartuta, beharrezko bermeak edukita eta aurretiaz jokatuta”.
Zentzu horretan, Urkulluk esan du “normalizazio parlamentarioa, instituzionala eta politikoa oinarrizkoa dela gizartearen, ekonomiaren eta enpleguaren errekuperazioari aurre egiteko”. Horri lotuta, “herritarrek edozein jarduera egin eta osasuna eta segurtasuna bermatzeko prebentziozko baliabide nahikoak” daudela ziurtatu du.
“Osasuna eta demokrazia ziurtatzeko bermeak”
“Gizarte osoak boza emateko aukera izateko” gaixotasuna kontrolpean izateko baliabideak eta erkidegoko zein estatuko zerbitzu publikoen funtzionamendua bermatu behar dela azpimarratu du, hauteskunde kanpainan eta hauteskundeen egunean segurtasuna eta babesa gordez, bai herritarren kasuan, eta bai hauteskundeetan lan egin beharko dutenentzat.
“Euskadin egiten diren hauteskundeek berme sanitarioa eta demokratikoa izan beharko dute”, adierazi du lehendakariak, Carolina Darian Lurralde Politikako ministroak “hauteskundeak uztailean kontu eta koordinazio handiz” egin daitezkeela esan eta egunbetera.