Itxi

KORONABIRUSA

Sanchezek "alarma egoera ezberdina" babestu du deseskalatzea amaitu arte

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Espainiako Gobernuak alderdiei alarma-egoeraren beste luzapen bat onartzeko deia egin die, oraingoan hilabete batekoa, ekainaren amaierara arte.

Pedro Sanchez. Irudia: EFE

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak alarma-egoera mantentzea babestu du Kongresuan, baina "alarma-egoera ezberdin bat", koronabirusaren pandemia kasu, deseskalatzea amaitu eta "normaltasun berria" lortu arte.

Espainiako Gobernuak alderdiei alarma-egoeraren beste luzapen bat onartzeko deia egin diela jakin eta egun bat geroago, oraingoan hilabete batekoa eta ekainaren amaierara arte iraungo duena (deseskalatzea orduan amaitzea espero da), Sanchezek "batasunerako" deia egin du.

Pablo Casado oposizioko buruari zuzendu zaio, eta batasun politikoa eskatu dio, baina PPko presidenteak azken egunetan esandakoa errepikatu dio: bere alderdiak ez duela alarmaren beste luzapen bat babestuko.

Nahiz eta Espainiako Gobernuak ez zuen PPren beharrik izan laugarren luzapenaren bozketan, EAJren eta Ciudadanosen aldeko botoa jaso zuelako, Sanchezek batasuna eskatu dio Casadori datorrenari aurre egiteko. Izan ere, azpimarratu duenez, bizitzak salbatzeko ez ezik, enpresak eta lanpostuak salbatzeko ere beharrezkoak da.

Baina Casadok Jose Luis Rodriguez Zapaterorekin eta aurreko presidente sozialistak kudeatu zuen krisiarekin alderatu du Sanchez, eta orduko "propaganda bera" erabiltzea leporatu dio. Espainiak Europari erreskatea eskatuko dion eta zenbat kostatuko zaion azaltzeko exijitu dio.

Sanchez ez da gatazkan sartu, nahiz eta Casadoren gaitzespenen diskurtsoa "erraz arbuiatu" daitekeela uste izan, eta batasuna eskatu du.

Aitor Esteban EAJko bozeramaileari emandako erantzunean babestu du Sanchezek alarma-egoera "desberdin" hori mantentzea.

Gobernuburuaren arabera, Gobernuarentzat alarma "behar bat da, ez proiektu politiko bat", eta etapa hau amaitzeko beharrezkoa izaten jarraitzen duela gaineratu du.

EAEri 1. Fasea emanez EAJ saritzearen akusazioetatik ere atera da. Irizpide "hertsiki teknikoak eta ez politikoak" izan direla herrialdeko lurralde guztietako faseak erabakitzera eraman zituztenak berretsi du.

Kontzertu ekonomikoa arautzen duen batzorde mistoaren "premiazko" bilera eskatu dio EAJk Sanchezi

EAJk Estatuko Administrazioaren eta Eusko Jaurlaritzako eta foru aldundietako ordezkarien arteko batzorde mistoaren "premiazko" bilera eskatu dio Espainiako Gobernuko presidenteari, kontzertu ekonomikoarekin eta EAEren eta Estatuaren arteko zerga eta finantza harreman bereziarekin zerikusia duten gaiak eztabaidatzeko.

Halaber, lehenbailehen argitzeko EBk zer jarrera duen koronabirusen pandemiak kaltetutako herrialdeen finantzaketari dagokionez eskatu dio Aitor Estebanek. Izan ere, erkidegoetako gobernuek zer "tarte" duten beren politika sozialak eta ekonomikoak gauzatzeko jakin behar dute.

Esteban ere kexu agertu da EAEk 1 Fasera igarotzeko eskatzen diren osasun irizpideak beteko ote dituen zalantzan jartzeagatik.

EH Bilduk "eskuindarrekin" itunak egitearen arriskuez ohartarazi dio Sanchezi

Oskar Matute EH Bilduko diputatuak ohartarazpen bat egin dio Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari, Kongresuko kontrol saioan egindako galdera bat aprobetxatuz. Galdera horren bidez, krisitik ateratzea "eskuindarrekin" hitzartzeak langileentzat dituen arriskuak ikusarazten saiatu da.

"Eskuindarrekin akordioak lortzeko" Sanchezen "borondateak" dakarren arriskua azpimarratu du Matutek, koronabirusaren pandemiaren "garaiko krisiaren" aurrean.

Nabarmendu duenez, 2008ko krisi ekonomikoa konpontzeko modua errepikatzea ekarriko du horrek, "aberatsak aberatsagoak izatea eta pobreak pobreagoak" lortu zenean.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomarik baduzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, eta derrigorrezkoak garraio publikoa erabiltzen baduzu.

Albisteak (2)