Koronabirusa
Alarma-egoera alde batera uzteko lege-aldaketak egin nahi ditu Espainiako Gobernuak
Agentziak | Erredakzioa
Carmen Calvok oposizioko alderdien babesa nahi du alarma-egoeraren azken luzapena onartzeko, oraingoan hilabete batekoa. Deseskalatze plana ekainaren amaieran edo uztailaren hasieran amaituko da.
Koronabirusaren agerraldiari aurre egiteko asmoz gaur egun indarrean dagoen alarma-egoera alde batera uzteko, deseskalatze prozesua amaitutakoan lege-aldaketak bultzatzea aurreikusi du Espainiako Gobernuak. Horrela, udazkenean birusa berriro agertzen bada, Konstituzioaren 116. artikulura jo beharrik ez izatea espero du Sanchezen gobernuak.
Carmen Calvo Espainiako Gobernuko presidenteordeak iragarri du koalizio-gobernuak lege-aldaketa horiek egiteko asmoa duela, eta adostasuna bilatzeko prest egoteko eskatu die oposizioko alderdiei.
Calvok zenbait egun daramatza oposizioko alderdien babesa bilatzen alarma-egoeraren azken luzapena onartzeko, baina oraingoan hilabete batekoa izango litzateke 15 egunekoa izan beharrean. Senatuan egindako agerraldian jakinarazi du Espainiako Gobernuaren asmoa, eta deseskalatze prozesua ekainaren amaieran edo uztailaren hasieran amaituko dela aurreikusi du.
Presidenteordeak azpimarratu duenez, ohiko legediak ez du "neurri zehatzak" hartzea ahalbidetzen koronabirusa bezalako pandemia baten aurrean, duela 30 urte legedia egin zenean egoera hau "imajinaezina" zenez "ez dagoelako aurreikusita".
Espainiako Gobernuak ez zuen PPren babesik behar izan alarma-egoeraren laugarren luzapenaren bozketan, EAJren eta Ciudadanosen aldeko botoa jaso zuelako. Dena dela, Sanchezek "batasuna" eskatu dio Casadori "datorrenari aurre egiteko"; izan ere, horren esanetan, bizitzak salbatzeko ez ezik, enpresak eta lanpostuak mantentzeko ere behar da. Hala ere, PPko presidenteak ziurtatu du bere alderdiak ez duela alarma-egoeraren beste luzapen bat babestuko.