Luzapen berria
Alarma egoeraren azken luzapen bat eskatuko du Sanchezek, hilabeteko iraupenarekin
eitb.eus
Alarma egoera horrek baldintza ezberdinak izango dituela aurreratu du Espainiako Gobernuko presidenteak. Halaber, pandemia kontrolatzen duten lurraldeetan luzapenak gutxiago iraun dezake.
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak alarma egoeraren bosgarren eta azken luzapen bat eskatuko duela iragarri du larunbat eguerdian emandako prentsaurrekoan. Hala ere, oraingoan, 15 eguneko luzapena eskatu beharrean, hilabetekoa eskatuko du Sanchezek, eskatzen duen azkena izateko.
Horrela, Sanchezek aste honetan bertan parlamentuko alderdiek agertutako susmoa konfirmatu du. Azken egunetan, Espainiako Gobernuak berak eta alderdi sozialistak aukera horren inguruan gainontzeko alderdiek duten iritzia bildu baitute.
Alarma egoera ezarri eta mugikortasuna, zirkulazioa eta bilerak egiteko eskubidea murriztu zirenetik bi hilabete bete direnean, Espainiako Gobernuak azkeneko aldiz eskatu nahi du egoeraren luzapena eta horregatik nahi dute oraingoak hilabeteko iraupena izatea. Horrela, gainera, alarma egoeraren amaierak deseskalatzearen amaierarekin bat egingo luke.
Sanchezek azaldu duenez, eta desekalatze "asimetrikoeraekin" lotuta, pandemia kontrolpean dutela frogatzen duten lurraldeetan alarma egoeraren luzapenak hilabete baino gutxiago iraun dezake.
Luzapen berri horren eztabaidan eta negoziazioan "adostasun maila handia" lortzeko beharra azpimarratu du Pedro Sanchezek. Eskaera asteazkenean eztabaidatuko dute Kongresuan.
Presidenteak azpimarratu egin du zuhurtziaz eta tentuz aritzea dela birusari irabazteko bide bakarra, eta pozik agertu da beste herrialde batzuek egindako ez egiteagatik: talde immunitatea bilatzea.
Immunitate hori lortzeko, herritarren % 60 eta % 70 artean kutsatu egin behar dira, immunizazioa garatu eta birusaren hedapena saihesteko. Baina horren alde egin zutenek denborarekin atzera egin behar izan dutela gogora ekarri du Sanchezek.
"Gaur jakin badakigu bide horri jarraitu izan bagenio, 30 milioi pertsona kutsatu zitezkeen Espainian, eta hildakoak 300.000 zitezkeen, ehun kutsatuetatik bat. Baina hildakoak gehiago ere izan zitezkeen, osasun sistema kolapsatuta egingo litzatekeelako eta askok ez luketelako beharrezkoa duten atentzioa jasoko", ohartarazi du Sanchezek.
Bisitariak, berrogeialdian
Horregatik, zirkulazioa murriztearen alde egin du, egoera hobean daudenak babesteko eta harreman pertsonalak murrizteko, kutsatzeko arriskua oraindik "oso altua" delako.
Sanchezek Espainiara iristen diren bidaiariak berrogeialdian jartzearen alde egin du, "zuhurtziaz jokatzeko", eta turismoak segurtasuna behar duelako. "Azkarregi joanez gero, nazioartean dugun sinesgarritasuna galtzeko arriskuan gaude, eta urteak behar izan ditugu sinesgarritasun hori lortzeko", adierazi du.
Autonomoak eta enpresa ertain eta txikiak
Bestalde, Sanchezek 20.000 miloi euroko ICO mailegu berriak iragarri ditu autonomoei eta enpresa ertain eta txikiei zuzenduta. Helburua COVID-19aren pandemiak eragindako ondorioei aurre egiten laguntzea da.
Horren harian, Espainiako presidenteak jarrera "dinamikoa" izatea eskatu dio finantza sektoreari, maileguak autonomoei eta enpresei helarazteko.
ICOren hirugarren mailegu sorta astearteko Ministroen Kontseiluan onartzea espero da.