Itxi

SABOTAJEAK

EAJk, PSE-EEk eta Podemosek euren egoitzetan egindako pintaketak salatu dituzte

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Horietan, "hiltzaile" deitzen dituzte, eta Patxi Ruiz ETAko presoaren gose eta egarri greba aipatzen dute.

Igorreko batzokiaren fatxadaren irudia. ETBko bideo batetik ateratako irudia.

Bizkaiko EAJk eta PSE-EEk bi alderdien egoitzetan egindako pintaketak salatu dituzte, "hiltzaileak" direla esanez eta Patxi Ruiz presoaren gose eta egarri grebari erreferentzia eginez. Podemos Gasteizek ere salatu du pintaketak agertu direla Arabako hiriburuko bere egoitzan.

Barakaldoko eta Durangoko herriko etxeetan eta Santutxun (Bilbo) agertutako pintaketak gaitzetsi dituzte sozialistek, eta Portugaleten, Sopelan, Algortan (Getxo) eta Deustun (Bilbo) beste egun batzuetan egindakoei gehitzen zaizkie.

"Berriro ere, gure egoitzetako hormak pintaketekin zikindu dituzte, eta sozialistei 'hiltzaile' deitzen diete eta Tomas Caballero UPNko zinegotziaren hilketagatik zigorra betetzen ari den Patxi Ruiz presoaren gose eta egarri grebari erreferentzia egiten diote", esan du Mikel Torres Bizkaiko sozialisten idazkari nagusiak. Sabotaje horiek "alderdi politiko guztiek gaitzetsi behar dituzten ekintza bortitzak dira", adierazi du.

Bestalde, EAJk Bizkaian duen zuzendaritzak Gurutzetako (Barakaldo) batzokiaren aurka egindako eraso "justifikaezina eta onartezina" gaitzetsi du, Gernika-Lumo, Repelega (Portugalete), Algorta (Getxo), Getxo Zaharra (Andra Mari, Getxo), Berango, Igorre, San Ignazio (Bilbo) eta Portugaleteko egoitzetan jasandako erasoekin batera.

EAJk sabotaje horiek gauez egin dituztela gogorarazi du, konfinamendu neurri guztiak hautsiz.

Indar politiko horren arabera, "eraso hauek agerian uzten duten gauza bakarra da anonimotasunean koldarki babesten diren pertsona hauek bide demokratiko luzea dutela oraindik egiteko".

Eraso horiek publikoki salatzeko eskatu die EAJk Bizkaiko eta EAEko alderdi politiko guztiei.

Pintaketak, Podemos Gasteizen egoitzan

Testuinguru honetan, Podemos Gasteizek ere salatu du astelehen honetan Patxi Ruiz ETAko presoaren aldeko pintaketak agertu direla Arabako hiriburuko bere egoitzan; Podemos Gasteizen esanetan, gertakari horiek "intolerantzia-ekintza justifikaezinak" dira.

Ohar batean, alderdiak jakinarazi du pintaketetan "Hiltzaileak" hitza agertzen dela, bai eta Ruizen gaineko aipamenak ere; azken horren gose- eta egarri-grebak "kale-borroka berragertzea ekarri du; beste garai batzuetako eszenatokira eraman gaitu honek".

Podemosen iritziz, "Gasteizko gure egoitzan agertutako pintaketek benetan garrantzitsuak diren eztabaidetatik distraitzen gaituzte". Gaitzetsi du, horrez gain, "euren burua ezkertiartzat jotzen duten taldeek demokraziaren aurkako jarrerak sustatzean oinarritzen dutela euren jarduera".

Aldeztu duenez, "ideiak irainik eta frentismorik gabe babestu behar dira".

Podemos Gasteizek jakinarazi du salaketa jarri duela Ertzaintzaren aurrean, eta ohartarazi du "elkarrizketa eta elkarbizitza" direla demokraziaren oinarria; horren harira, Portugaleteko Podemoseko egoitzan egindako pintaketak ere gaitzetsi ditu, bai eta Olarizun (Gasteiz) agertutakoak ere.

Azkenik, Podemosek berretsi du uste osoa duela lan egiteko "pertsonen eskubideen alde", eta honelako ekintzek "gure gizartean lekurik izan ez dezaten, eta iraganean gera daitezen".

Lehendakariaren gaitzespena

Iñigo Urkullu lehendakariak ere salatu ditu azken egunotan hainbat alderdi politikoren egoitzetan agertutako pintaketak. Urkulluk nabarmendu du hau "ETA desagertu zenetik bi urte igaro direnean" gertatu dela, eta adierazi du espero duela "gaitzespena sendoa izan dadila, alderdi guztien aldetik, salbuespenik gabe".

Urkulluk prentsaurrekoa eman du, iragartzeko erabaki duela hauteskundeak uztailaren 12rako deitzea. Bertan, esan du pintadak egin dituztenek eta "euren babesarekin edo isiltasunarekin justifikatzen dituztenek" jakin beharko dutela "zergatik iritsi den egoera honetara".

Lehendakariak gogorarazi du ETAk bere desegitea iragarri zuenean, alegia, 2018ko maiatzaren 3an, adierazpena egin zuela, garai hartako Nafarroako presidente Uxue Barkosekin batera; adierazpenean, "bide horretan eman beharreko pausuak aipatzen ziren".

"Gu gure konpromisoa betetzen ari gara. 2020an, ETAren desegitetik bi urte bete direnean, ez dago lekurik, inoiz ez da lekurik egon, hauek bezalako aldarrikapenetarako pintadekin eta alderdi politikoen aurkako jazarpenarekin".

Lehendakariak azpimarratu du EAJren, PSEren eta Podemos Euskadiren egoitzetan egin dituztela pintaketa hauek; "guztiz" arbuiatu ditu, eta esan du espero duela alderdi guztiek ere bat egitea gaitzespen horrekin, "salbuespenik gabe".

Durangoko gobernu-taldeak ere azaldu du "desadostasuna", PSE-EEk udalerrian duen egoitzan izandako pintaketen aurrean. EH Bilduk eta Herriaren Eskubideak zuzentzen duten gobernu-taldeak, halaber, salatu ditu espetxe-politikak dituen "ondorioak".

Adierazpen batean, gobernu-taldeak esan du, "argi", honelako ekintzak lekuz kanpo daudela, eta zehaztu du "elkarbizitzaren eta normalizazio politikoaren alde" lan egiten jarraituko duela.

Nolanahi ere, "gertakari hauek alde batera utzita", espetxe-politika ezartzeak dakartzan ondorioak ere salatu dituzte: "Eskubideak urratzen ditu, eta preso dauden pertsonen osasuna arriskuan jartzen du".

Durangoko EAJk ez du bat egin adierazpenarekin, eta deitoratu du gobernu-taldeak ez duela hitzartu PSE-EEk proposatutako testua. PSE-EEren idazkian (azken alderdi horrek ere ez du bat egin gobernu-taldearen adierazpenarekin), pintaketak "erabateko gaitzespenarekin" salatu dira, eta zehaztuta zegoen "ekintza horiek" ez dutela tokirik "egungo gizartean". Halaber, PSE-EEren hitzetan, "elkarbizitza oztopatzen dute, eta Euskadiko eta Durangoko gizarteak elkarbizitzaren alde lan egiten du". 

Albisteak (3)