Osasun krisiaren ondoren
Gure Eskuk "gobernantza eredu demokratikoago baterako urratsak" eskatu ditu
eitb.eus
Mugimendu herritarraren ustez, osasun krisiaren ondoren “iraganera itzultzeak ez du etorkizunik eta erroko aldaketak egitea premiazkoa da herritarron bizitza duinak bermatzeko”.
Gure Esku erabakitzeko eskubidearen aldeko mugimendu herritarrak “herri eztabaida bat bideratzea” eskatu du osasun krisiaren ondoren norantz jo nahi dugun adosteko eta “gobernantza eredu demokratikoago baterantz urratsak egiteko”.
Iritzi artikulu formatuan mugimenduak azaldu duenez, “alarma egoeraren kudeaketak agerian utzi du zein ahula den gure herriaren autogobernua” eta Estatuek “neurri zentralizatzaileak ezartzeko” baliatu dute krisia.
Idatziaren arabera, “ulertezina iruditzen zaigu gure erakunde publikoek alor ezberdinetako eragileekin lankidetza handiagoa ez sustatu izana”, eta kezkagarria da akordio politiko falta. “Krisiari herri gisa erantzuteko ezintasunak erakutsi du zein premiazkoa den gobernantza eredu demokratikoago baterantz urratsak egitea”, erantsi du.
Nolanahi den, Gure Eskuren ustez, krisiek barik, “gure erabaki burujabeek” zabaltzen dituzten bide berriak, eta oraingoan agerian gelditu da “eredua bera” dagoela krisian. “Krisi honi hemen eta guztion artean egin behar diogu aurre, alegia, herri gisa jardun behar dugu”, dio testuak.
Berreraikuntza herritarren eskutik iritsiko da, Gure Eskuren hitzetan, eta bi heldulekutan bermatu beharko da herri erantzun hori: “herri eztabaida bat, norantz jo nahi dugun adosteko eta erabakimena nola geureganatuko dugun pentsatzeko; eta herritarrok eta gure aldarrikapenek berriz ere plaza publikoa berreskuratzea”.