Polemika
Lan-erreforma osorik indargabetuko dutela esan du Pablo Iglesiasek
Agentziak | Erredakzioa
Sinatutakoa betetzea derrigorrezkoa dela ohartarazi dio PSOEri. Halaber, egindako kritiken aurrean, patronalari eta Cepymeri gogorarazi die "botere legegilea parlamentuak duela".
Pablo Iglesias Espainiako Gobernuko presidenteordeak argi utzi du lan-erreforma osorik indargabetuko dutela, eta ez partzialki, hori baira PSOEk EH Bildurekin asteazkenean sinatutako akordioak dioena.
“Argi eta garbi esango dut: pacta sunt servanda (sinatzeak betebeharra dakar)”, esan du Catalunya Radion egindako elkarrizketa batean. Iglesiasek gogor egin du sozialistek azken orduan iragarritako zuzenketaren aurka, EH Bildurekin eta Unidas Podemosekin egindako akordioa sinatu eta ordu gutxi batzuetara.
“Lan-erreforma osorik indargabetzea da sinatu dena. Hori da akordioa. Ondoren, alderdi bakoitzak nahi duena esan dezake. Baina akordioa hiru alderdiek sinatutakoa da. Gero alderdiek nahi dutena esan dezakete, baina sinatutakoa hori da”, azpimarratu du.
Halaber, Iglesiasek gogor egin du CEOE eta Cepymeren aurka, bi elkarte horiek akordioa kritikatu ostean. “Patronalak PPren eta Voxen arteko gobernua nahi duela ez du inork harritzen. Normala da. Baina herri-subiranotasuna deitzen den gauza bat existitzen dela ulertu behar dute”, adierazi du.
Aizpurua: "Akordioa ona da"
Radio Euskadiko "Ganbara" saioan egindako adierazpenetan, Mertxe Aizpurua EH Bilduko diputatuak esan du herritarrentzat "akordio ona" dela, "eta bereziki langileentzat. Horrela, alarma egoera amaitzen denean, languleek babesik ez zaiela falta ikusiko dute. Segurtasuna ematen du".
Akoridoaren ondorioz, tokiko erakundek, foru erakundeek eta erkidegoetakoek krisiaren ondorioei aurre egiteko politika publikoetan gastu handiagoa egiteko aukera izango dute.