Itxi

Lan-erreforma

Calviño: "Zentzugabea da lan-erreforma indargabetzea aztertzen hastea"

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Espainiako Gobernuko hirugarren presidenteorde eta Ekonomia Gaietarako ministroak, halaber, adierazi du edozein lan-aldaketa gizarte-eragileekin batera egingo dutela.

Nadia Calviño, eskuinaldean, aurreko agerraldi batean. Argazkia: EFE.

Nadia Calviño Espainiako Gobernuko hirugarren presidenteorde eta Ekonomia Gaietarako eta Transformazio Digitalerako ministroak adierazi du "zentzugabea eta kaltegarria" dela lan-erreforma indargabetzearen gaineko eztabaida zabaltzea, koronabirusak eragindako osasun-larrialdiaren testuinguruan. Horrez gain, edozein lan-aldaketa gizarte-eragileekin batera egingo dutela nabarmendu du.

Hala esan du ostegun honetan, Ekonomia Zirkuluak antolatutako 'Pandemia baten gaineko politika-, ekonomia- eta osasun-hausnarketak' izeneko saio telematikoaren inaugurazioan.

"Errealitate hau mahai gainean dugula, zentzugabea eta kaltegarria litzateke izaera horretako eztabaida abiatzea, eta une honetan ziurtasunik eza txikiena ere sortzea. Zergadunek arazoak konpontzeko ordaintzen digute, ez arazoak sortzeko", esan du, PSOEk, Unidas Podemosek eta EH Bilduk lan-erreforma indargabetzeko adostutako akordioaz galdetu diotenean.

Horren harian, ziurtatu du lan-arloan aldaketak egon litezkeela, baina, "beti, lana eta ekonomia-jarduera bultzatzeko, langileak babesten ditugun bitartean".

Calviñok nabarmendu duenez, Espainiako Gobernuak gizarte-eragileei entzuten die, eta Kongresuan onartzen dituzten neurriak haiekin batera hartzen ditu gero: "Hau ez da aldatu. Edozein aldaketa gizarte-eragileekin hitz eginda gauzatuko da".

"Enpresariei eskerrak ematen dizkiet, euren konpromisoagatik eta egiten ari diren ahaleginagatik. Enpresak gakoa dira susperraldian, eta gobernu honen babesa dute", esan du Calviñok. Ministroaren esanetan, gizarte-eragileen portaera "guztiz arduratsua" ari da izaten.

Lehentasuna, pandemia kontrolatzea eta jarduera ekonomikoa berreskuratzea

Calviñok azaldu du Espainiako Gobernuaren lehentasuna pandemia kontrolatzea eta jarduera ekonomikoa berreskuratzea dela: "Hori egin dugu, eta hori egiten jarraituko dugu, gizarte-eragileen adostasunarekin eta zergadunen ahaleginarekin", zehaztu du, abian jarritako ekonomia- eta zerga-neurriekin lotuta.

Espainiako presidenteordeak, asteazken arratsaldean esku hartu zuen PSOEk, Unidas Podemosek eta EH Bilduk 2012ko lan-erreforma "osorik" indargabetzeko hitzartutako akordioa jendaurrean aurkeztuta.

Gauean, PSOEk argitu zuen akordioak legearen arlo kaltegarrienak indargabetzea aurreikusten zuela, inbestidura-akordio programatikoan jasota zegoenez; hala ere, goizean, Pablo Iglesias Espainiako Gobernuko presidenteordeak esan zuen osorik indargabetu behar dela, "sinatutakoak behartuta".

CEOEren ustez, elkarrizketa soziala etenda dago

Ostegun honetan ere, Antonio Garamendi CEOEko presidenteak aurreratu duenez, patronalak etentzat ematen du elkarrizketa soziala, PSOEk eta Unidas Podemosek osatzen duten Gobernuaren eta EH Bilduren arteko akordioaren ostean.

Hala, Garamendik zehaztu du elkarrizketa soziala etenda dagoela, eta galdetu du zertarako eseriko diren mahai batean, "baldin eta erabakita badago mahaian zer egingo den, eguneko menua prestatuta badago".

"Ez dugu parte hartuko, jakin dezatela", esan du, eta gogora ekarri du CEOEk 40 urte daramatzala hitz egiten gobernuekin, eta mahai guztietan eseri dela, baina beti jaso duela zintzotasuna erakundeen aldetik.

Albisteak (7)