Itxi

PRESOAK

Patxi Ruiz Murcia II espetxera eraman dute berriro, borondatezko alta eskatu ondoren

EUSKADI IRRATIA | EITB.EUS

Leer en Castellano

Murtzia II espetxeko erizaindegian dago, koronabirusari aurre egiteko protokoloaren baitan, 14 eguneko koarentena egin behar baitu. Mobilizazioak izango dira gaur arratsaldean Euskal Herrian.

Patxi Ruiz Txantreako presoa.

Patxi Ruiz presoa ospitaletik espetxera eraman dute berriro borondatezko alta eskatu ostean, eta egarri greba utzi badu ere, gose greban jarraituko du Amnistiaren Aldeko Mugimenduak jakinarazi duenez. Ruizen egoera salatzeko manifestazioak deitu dituzte gaur arratsalderako hainbat tokitan.

12. eguna du gaur gose greban Patxi Ruizek. Ostegun gauean Murtzia II espetxetik Virgen de la Resaca ospitalera eraman zuten. AAMk jakinarazi duenez, espetxeak ospitaleratzeko aukera eman zion ostegun arratsaldean Ruizi eta hark uko egin zion aukera horri. Ordu batzuk beranduago, baina, Mulako Auzitegi batek ospitaleratzea agindu zuen, kartzelako zuzendaritzak hala eskatuta, bere bizitza arriskuan zegoela argudiatuta.

Ospitalean seruma ezarri zioten eta bere amaren bisita jaso zuen. Egarri greba utziko zuela baina gose grebarekin jarraituko zuela esan zion amari. Borondatezko alta eskatu ondoren, espetxera eraman zuten berriro bart. Orain, Murtzia II espetxe barruko erizaindegian dago, koronabirusaren pandemiari aurre egiteko protokoloa ezarri baitio Espetxe Zuzendaritzak eta 14 eguneko koarentena egin behar du.

Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren arabera, preso nafarra "azken muturreraino iristeko prest" dago. Lehenaz gain, Ruizek hainbat aldarrikapen edo eskakizun egin ditu kartzelatik bizirik ateratzeko baldintza gisa, horien artean, espetxe barruko bere segurtasuna guztiz bermatzea; irainak, mehatxuak eta jipoiak amaitzea; eta bai bera baita beste presoak ere Euskal Herrira lekualdatzea.

Patxi Ruizen egoera salatzeko hainbat mobilizazio izango dira gaur arratsaldean:

Bilbon: 20:30ean Etxebarrieta Anaien Plazatik manifestazioa.
Baionan: 17:00etan Herriko Etxetik manifestazioa.
Gasteizen: 20:30ean Andra Mari Zuriaren Plaza manifestazioa.
Donostian: 20:15ean Bulebarrean manifestazioa.

Azken egunetan hainbat pintaketa egin dituzte EAJ, PSE, Podemos eta Sorturen egoitzen aurka, egoeraren "erruduntzat" joz.

Espetxeetan, zenbait presok dinamika ezberdinak hasi dituzte Patxi Ruizi elkartasuna helarazteko: txapeoak, janari uko egitea... Eta kalean ere beste hainbat mobilizazio izan dira: Maiatzaren 12tik hiru lagun gose-greban dira Ezkerraldean (gaur 18:00etan amaituko dute) eta 19tik beste hiru Etxarrin; Gasteizen, Deustun, Ondarroan, Altsasun, Elizondon, Laudion eta Irunen, berriz, 24 eta 48 orduko txandakako gose-greba egiten ari dira.

Maiatzaren 11n hasi zuen protesta Patxi Ruizek. Funtzionarioek COVID-19ak eragindako egoeraren kontrako mobilizazioak sustatu izana leporatu zioten eta Txantreako presoak espetxeko funtzionarioen mehatxuak eta irainak salatu zituen.

Albisteak (4)

Bideoak (4)