Nafarroa
Automobilgintza eta turismoa suspertzeko "premiazko neurriak" eskatu ditu Chivitek
Agentzia | Erredakzioa
Autoen salmentarako pizgarriak edo aldi baterako lan-erregulazioak luzatzea eskatu dizkio Nafarroako presidenteak Sanchezi. Era berean, etxebizitza sektorea bultzatzea "funtsezkoa" iruditzen zaio.
"Foru Erkidegoarentzako oinarrizkoak diren sektore ekonomikoak suspertzeko premiazko neurriak" hartzea eskatu dio Maria Chivite Nafarroako presidenteak Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuari bideokonferentzian. Besteak beste, automobilgintza, etxebizitza eta turismoa aipatu ditu Chivitek.
Lehenik eta behin, Nafarroara datozen langile atzerritarrek koarentenarik egin behar ez izateko proposamena kontuan hartu izana eskertu du Chivitek. Ondoren, "Nafarroa Suspertu 2020-2023 egitasmoan erabiltzeko eskura izango ditugun baliabide ekonomikoak lehenbailehen ezagutzea" eskatu dio Pedro Sanchezi.
Bestalde, Nafarroa itzuli behar ez den 16.000 milioi euroko funtsean parte hartzen ari dela gogorarazi du Foru Erkidegoko presidenteak, baita erkidegoen zorpetzeko gaitasuna eta udalen superabita ere.
Esan bezala, "ibilgailu-industria berriz suspertzeko neurriak" eskatu dizkio Espainiako Gobernuari, hala nola, autoen salmentarako pizgarriak edo aldi baterako lan-erregulazioak luzatzea, "sektoreko enpresek COVID-19 krisi aurreko ekoizpen maila berreskuratu arte", Foru Exekutiboak ohar batean jakinarazi duenez.
Era berean, etxebizitza sektorea bultzatzeko plan bat martxan jartzea "funtsezkoa" iruditzen zaio, "beti ere eraikuntza jasangarrirako Europaren irizpideekin ados, eta etxebizitza publikoen kopurua areagotzea beharrezkoa izango dela ahaztu gabe, krisiaren ondotik egoera ahulean geratu diren familientzako".
Gainera, turismoa suspertzeko neurriak hizpide izan ditu Maria Chivitek. "Toki seguruetako arauak edo ziurtagiriak banatu beharko lirateke", azpimarratu du. Sektorea laster biltzeko lurralde arteko kontseilua deitzea positibotzat jo du agintariak. Zentzu horretan, probintzia eta herrialde arteko turisten mugikortasuna bermatzeko, datak zehazteko orduan "batasuna eta ziurtasuna" eskatu ditu.