Batzorde Mistoa
Transferentzien gaiari EAE 3 fasera igarotzen denean heltzea adostu dute gobernuek
Agentziak | Erredakzioa
Une hori iritsitakoan Transferentzien Batzorde Misto presentziala egitea adostu dute Josu Erkorekak eta Carolina Dariasek.
Gernikako Estatutuan egiteke dauden transferentzien egutegiari berrekingo diote Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak, eta Euskal Autonomia Erkidegoa (EAE) itxialdia arintzeko 3 fasera igarotzen denean Transferentzien Batzorde Misto presentziala egitea adostu dute.
Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaile eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak eta Carolina Darias Espainiako Gobernuko Lurralde Politikako eta Funtzio Publikoko ministroak bilera telematikoa egin dute astelehen honetan, bi gobernuen arteko gai sektorial komunen agendari berriz ekiteko.
Covid-19ak eragindako osasun larrialdiko egoera eta alarma egoera deklaratu zirenetik egin den lehen lan bilera izan da, kudeaketa partekatuko gaien inguruko negoziazioen agendak atzeratu behar izan baitzituzten.
Bileran, batez ere, Funtzio Publikoaren kudeaketarekin lotutako gaiak jorratu dituzte, gai horri buruzko hurrengo Konferentzia Sektoriala egiteko. Bertan, Estatuko autonomia erkidego guztiek parte hartuko dute.
Gainera, otsailaren 20an Carolina Dariasek EAEra egindako bisita instituzionalean adostutako transferentzien kronograman aurrera egiteko lanari ekitea erabaki dute. Ildo horretan, Dariasek eta Erkorekak adostu dute lantaldeak aktibatzea, Gernikako Estatutua osatzeko egin gabe dauden transferentzien egutegia eguneratzeko, eta Transferentzien Batzorde Mistoa egitea EAE 3 fasera igarotzen denean.
Batzordearen bilera aurrez aurrekoa izango da, aurretik adostuta zeuden hiru gaiekin: farmazia produktuei buruzko legeria, eskola asegurua eta enplegu erregulazioko espedienteek eragindako langileen erretiro arruntaren aurreko laguntzak.
Horien ostean beste hamaika gai etorriko dira, hala nola espetxeen kudeaketa, aseguruak, segurtasun zerbitzu pribatuak, meteorologia, aireportuak, hidrokarburoak, itsas salbamendua eta zirkulazio baimenak, baita, azkenerako, Gizarte Segurantzaren kudeaketa ekonomikoa ere.