Erabakitzeko eskubidea
Gure Eskuk "plazak aldarriz betetzeko" deia egin du ekainaren 7rako
agentziak | erredakzioa
Mugimenduak etenaldia egin du autodeterminazio eskubideari buruzko erreferendumaren aldeko sinadura bilketan, eta Hamaika Garan jarriko du arreta.
Gure Esku erabakitzeko eskubidearen aldeko taldeak "plazak aldarriz betetzeko" deia egin du ekainaren 7rako, horrela "herri erantzun bat" emateko COVID-19ak sortutako krisiaren aurrean.
Ohar batean, Gure Eskuk azaldu du elkarlanerako espazio berri bat artikulatzen aritu dela alor askotako eragileekin "subiranotasuna eta erabakitzeko eskubidea sustatzeko".
Gaineratu duenez, elkarlan horri esker, Hamaika Gara ekimena jarri ahal izan zuten martxan martxoaren 11n.
"Erreferendumaren aldeko sinadura bilketa bat ardatz hartuta, epe luzeko ibilbide bati" ekin ziotela gogorarazi du Gure Eskuk, eta "fase berri honetan, herritarrok eta gure aldarrikapenek plaza publikoa berreskuratzeko garaia" dela.
Horrela, Hamaika Gara ekimenean parte hartzen duten eragileek "plazak aldarriz betetzeko" deia egin dute ekainaren 7rako 'Hemen erabaki, herritarrok erabaki' lelopean.
Azaldu duenez, helburua da "kalea berreskuratzea aldarriz betetzeko". Ekimena 11:00etatik 14:00etara izango da.
Parte-hartzaile bakoitzak aldarria kartoi batean idatzi eta plazara eraman beharko du, bertan lurrean uzteko. Antolatzaileek jakinarazi dute "egoerara egokitutako formatu honekin eta hartuko diren beharrezko neurri guztiekin, parte-hartzaile guztien osasuna eta segurtasuna zorroztasunez" bermatuko direla.