Lehendakariaren adierazpenak
Urkullu: "Euskadik ez du inolako mesede-traturik izan pandemian, bakar bat ere ez"
Agentziak | Erredakzioa
Bestalde, alderdi batzuetako egoitzetan agertu diren pintaketak tolerantzia eta euskal gizartearen aniztasuna ikusten "ohituta ez dauden pertsonei" egotzi dizkie lehendakariak.
Koronabirusak eragindako pandemian, EAJren babesaren truke Euskal Autonomia Erkidegoak (EAE) Espainiako Gobernuaren aldetik "ez du inolako mesede-traturik jaso", Iñigo Urkullu lehendakariak ostegun honetan esan duenez. Ildo horretatik, beste autonomia erkidegoetako presidenteek ez diotela ezer aurpegiratu eta ez diotela kexarik helarazi gaineratu du.
"Euskadik ez du inolako mesede-traturik jaso", azpimarratu du goizean Ser irratian egindako elkarrizketan. Hala, osasun arloko krisian, Eusko Jaurlaritzak "autogobernuarekiko errespetua" eta Gizarte Segurantzaren kudeaketa ekonomikoa soilik babestu dituela azaldu du, Gernikako Estatutuan jasota dagoena aldarrikatuz.
Zehazki, eskumen horren baitan kokatu du Euskadin bizitzeko gutxieneko diru-sarrera kudeatzeko Pedro Sanchezen gobernuarekin lortutako akordioa, eta Kontzertu Ekonomikoarekin Euskadik "aldebakarreko kudeaketak dituen arriskuak" onartzen dituela adierazi du, "EAEk ez baitu Espainiako Gobernuaren finantzaziorik jasotzen, beste autonomia erkidego batzuetan gertatzen den bezala".
Halaber, Kongresuan gaur egun bizi den "tentsio giroa" ere izan du hizpide Urkulluk, eta "kezkatuta" agertu da "ezberdinen arteko elkarrizketa, eztabaida eta akordioak bilatzeko foroa" politikaren "eredu txarra" bihurtu delako.
Lehendakariaren hitzetan, Espainiako Gobernuko presidentearen eta autonomia erkidegoetako presidenteen arteko igandeko bideokonferentzietan ez dago tentsio hori, eta nabarmendu du topaketa horiek "desadostasunaren barruan hizkera logikoan" garatzen direla, "denok jakitun izanik erakunde bat ordezkatzen dugula".
Horrez gain, koalizio abertzaleak alarma-egoera luzatzearen alde egin zezan EH Bilduk, PSOEk eta Unidas Podemosek gaur egun indarrean dagoen lan-erreforma bertan behera uzteko sinatutako akordioari dagokionez, hitzarmen hori "ezker abertzaleak Euskadin ezkerreko aliantza bat osatzeko duen asmo historikoa" kontuan hartuta ulertu behar dela esan du Urkulluk.
"Ezker abertzaleak ondo aztertzen ditu erabaki guztiak, eta beti izan dute lan-ildo hori, baina horri buruz galdetu beharko zaie beste bi alderdiei, batez ere PSE-EEri, politikan ere printzipio etikoak eta balio partekatuak daudelako, eta ez dakit horrek posible egiten duen sozialistak alderdi horrekin ados egotea, batez ere ezker abertzalearen inguruko pertsonek alderdi batzuen egoitzei egindako erasoekin", azaldu du.
Hala, Euskadiren testuingurutik kanpo eraso horiek zergatik gertatzen diren azaltzea "zaila" dela esan du Urkulluk, eta alderdi batzuetako egoitzetan agertu diren pintaketak tolerantzia eta euskal gizartearen aniztasuna ikusten "ohituta ez dauden pertsonei" egotzi dizkie.