Transferentzien batzordea
Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua ekainaren 25ean elkartuko dira eskumenak emateko
eitb.eus
Farmazia-produktuei buruzko legeriaren funtzioak, derrigorrezko eskola-asegurua eta enplegu-erregulazioko espedienteak eragindako langileen erretiro arruntaren aurreko laguntzak transferituko dira.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak eta Carolina Darias Lurralde Politikako eta Funtzio Publikoko ministro espainiarrak Transferentzien Batzorde Mistoa bilduko dute ekainaren 25ean.
EiTBk jakin ahal izan duenez, bilera Madrilen egingo da, eta farmazia-produktuei buruzko legeriaren funtzioak, derrigorrezko eskola-asegurua eta enplegu-erregulazioko espedienteak eragindako langileen erretiro arruntaren aurreko laguntzak transferituko dira.
Farmazia-produktuen eskumenari esker, osasun-produktuen eta giza erabilerarako medikamentuen publizitate-mezuen kontrolaz arduratuko da Jaurlaritza, bai eta fabrikatzaileen eta EAEn dauden laborategien ikuskaritzaz eta farmakozaintzako eta medikamentuen kalitate-kontrolerako eginkizunez ere, besteak beste.
Derrigorrezko Eskola Aseguruaren kasuan, osasun-prestazioen kudeaketari atxikitako baliabideak eskuratuko ditu Jaurlaritzak. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hirugarren mailatik aurrerako ikasleen asegurua da, bai eta unibertsitateko eta unibertsitatetik kanpoko ikasleena ere.
Kaleratze kolektiboaren espedienteen eraginpean dauden langileen erretiro arruntaren aurretiko laguntzen kudeaketari atxikitako funtzio eta zerbitzuak ere beregain hartuko ditu Jaurlaritzak.
Transferentziak martxoan egitea zegoen aurreikusita, baina bi gobernuek otsailean hitzartutako eskualdaketen egutegia —lau fasetako kronograma bat— bertan behera geratu zen COVID-19aren osasun-krisiaren ondorioz, eta, beraz, hilaren 25eko Batzorde Mistoaren bilerara arte itxaron behar izan dute. Hain justu, EAEko hauteskunde-kanpaina hasiko da egun horretan bertan.
Hitzordu horretan, egutegiaren eguneraketaz hitz egingo dute, "logikoa den bezala", esan du Erkorekak, eta orain dela bi aste jasotako epeak hiru hilabete atzeratzea eskatuko dutela gaineratu du, osasun-krisiak iraungo duena, hain zuzen ere.
"Baina ezer gutxi gehiago egin ahal izango dugu", Eusko Jaurlaritza ez baita gaur egungoa izango, uztailaren 12an hautestontzietatik sortuko dena baizik, bozeramaileak gaineratu duenez.
Si el Gobierno español acepta el planteamiento de retrasar tres meses los plazos del cronograma, a las competencias del primer bloque (las que se traspasarán el día 25) seguirían 11 del segundo, cuya negociación estaba prevista en junio y pasaría a septiembre.
Espainiako Gobernuak kronogramaren epeak hiru hilabetez atzeratzeko planteamendua onartuz gero, lehen blokearen eskumenen (hilaren 25ean eskualdatuko direnak) ondoren bigarren blokearen 11k jarraituko liekete. Horren negoziazioa ekainean egitea aurreikusita egon arren, irailera pasatuko litzateke.
Laugarren fasean Gizarte Segurantzaren kudeaketa ekonomikoa negoziatzea zehaztuta dago, 2021eko ekainerako aurreikusita zegoena. Bozeramailearen kalkuluen arabera, hitzordua datorren urteko irailera atzeratuko litzateke.