Espainiako Errege Etxea
EAJk eta EH Bilduk Errege Etxea ikertzeko batzorde bat eskatuko dute berriz
Agentziak | Erredakzioa
Bi alderdiok Espainiako Errege Etxeko kideek ustez egindako ilegalkeriak aztertzea babestuko dute Espainiako Kongresuan, ERC, Junts, Más País, CUP, BNG eta Compromisekin batera.
EAJk, EH Bilduk, ERCk, Juntsek, Más Paisek, CUPek, BNGk eta Compromisek ikerketa batzorde bat sustatuko dute Espainiako Kongresuan, “Errege Etxeko kideek ustez egindako ilegalkerien eta Saudi Arabiarekiko eragin politiko, diplomatiko eta komertzialen aurrean”, Juan Carlos I.a errege emerituari aipamena eginda.
Talde parlamentario horiek iragarri dutenez, asteazkenean erregistratuko dute lehenago Ganberako Mahaiak ezetsi zuen eskaera, Auzitegi Goreneko Fiskaltzak bere gain hartu eta gero Juan Carlos Borboikoak Mekarako AHTaren lanetan “legez kanpoko komisioak” jaso ote zituen argitzeko ikerketa.
Erregea ikertzeko azken eskaera apirilean egin zuten oraingo eskaera sinatu duten talde berek, baina Kongresuko Mahaiak bidea itxi zion.
Unidas Podemosek orduan esan zuenez, COVID-19aren krisi betean sartuta ez zen batzorde hori gauzatzeko une egokia, baina bideratzearen aldeko botoa egin zuen, eta argumentu berbera erabili du orain proposamena ez sinatzeko.