Kongresua
EH Bilduk Felipe Gonzalezen agerraldia eskatu du, GALi buruz azalpenak eman ditzan
ERREDAKZIOA
CIAren arabera, Espainiako Gobernuko presidente ohiak GAL taldea sortu zuen "ETAri legez kanpo aurre egiteko".
Your browser doesn’t support HTML5 video
EH Bilduk Felipe Gonzalezen agerraldia eskatu du astelehen honetan Kongresuan, GAL talde terroristaren sorreran parte hartu zuen argitu dezan.
La Razon egunkariak igande honetan argitaratu duenez, Ameriketako Estatu Batuetako Inteligentzia Agentzia Zentralaren (CIA) dokumentu sekretuen arabera, Espainiako Gobernuko presidente ohiak GAL sortu zuen "ETAko buruzagiak hiltzeko asmoz".
"Gonzalezek Armadaren kontrolpean egongo den mertzenario talde bat eratzea adostu du, terroristei legez kanpo aurre egiteko", aipatzen da CIAren agirietan.
Koalizio soberanistaren iritzian, CIAk zabaldutako informazioak erakusten du Felipe Gonzalezek GALen eraketan "parte-hartze zuzena" izan zuela.
"36 urtez ezkutuan gordetako txostenak agerian utzi du Felipe Gonzalez sozialista buru zuten gobernuek GALekin izandako lotura, nahiz eta Estatu Terrorismoari lotutako pasarte batzuk sekretupean mantendu dituzten oraindik", erantsi dute ohar batean.
Bestalde, Arnaldo Otegik gaur goizean adierazi du CIAk esandakoak ez duela inor ezustean harrapatu: "Hori da trantsizioaren laburpena eta hori da ezker abertzaleak beti esan duena, beste batzuek beste alde batera begiratzen zuten bitartean”.
Halaber, gai honek komunikabideetan izan duen oihartzun txikia kritikatu du EH Bilduko koordinatzaile nagusiak. "Herri honetan pintadak portadara eramaten dira, baina CIAk Espainiako Gobernuko presidente batek talde kriminal bat antolatu zuela esaten duenean ez da ezer esaten", deitoratu du.