Espainiako Errege Etxea
Kongresuko legelariak Juan Carlos I.a ikertzearen aurka agertu dira
Agentziak | Erredakzioa
Haren bortxaezintasunak babesten dituen gaiak direla esan dute, abdikatu ostekoak izan arren, estatuburua zen garaitik eratorritakoak baitira.
Juan Carlos I.a Espainiako erregeari buruzko ikerketa batzordea osatzeko eskaera tramitera ez onartzeko eskatu dute Kongresuko legelariek. EAJ, EH Bildu, ERC, Junts, Mas Pais, CUP, BNG eta Compromis alderdiek joan den astean egin zuten errege emeritua Kongresuan ikertzeko eskaera, "Errege Etxeko kideek ustez izandako legez kanpoko jokabideak eta Saudi Arabiarekiko eragin politiko, diplomatiko eta komertzialak argitzeko".
Dena dela, erabakia Kongresuko Mahaiaren esku dago, eta, gaur, asteartea, hartuko dute erabakia, Meritxell Batet presidente dela, astero egiten duten bileran. Alabaina, Kongresuko zerbitzu juridikoek Kongresuak Espainiako Errege Etxea ikertzea ekarriko luketen proposamenak tramitera onartzearen aurkako irizpidea berretsi dute, berriro.
Horrela, Behe Ganberako legelarien jarrera ez da aldatu, eta, Kongresuan errege emeritua ikertzeko aurretik erregistratu diren proposamenekin bezala, horiek izapidetzerik ez dagoela esan dute orain ere, haren "bortxaezintasunak ondorio juridiko iraunkorrak" dituela arrazoituta; izan ere, Unidas Podemosek errege emerituak abdikatu ostean eginikoak ikertzeko eskatu arren, Juan Carlos I.a estatuburu izan zeneko garaitik eratorritako gaiak direla ohartarazten du Kongresuko zerbitzu juridikoak.
Hala, ikerketa batzordeak sortzeko aurkeztutako bi proposamenak eta legelarien erantzuna aztertuko ditu gaur Kongresuko Mahaiak. Dena dela, PSOEk, PPk eta Voxek Kongresuko zerbitzu juridikoen iritzia onartu dute orain arte, eta botoak batu dituzte horrelako ekimenak tramitera ez onartzeko.