Itxi

Eusko Alkartasuna

Gezurrak esatea leporatu dio EAko zuzendaritzak sektore kritikoari

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Alderdiaren primarioetan izandako ustezko irregulartasunak salatuta, sektore kritikoak auzitara eraman zuen zuzendaritza. Gaur amaitu da epaiketa.  

Maiorga Ramirez sektore kritikoaren buruzagia, Gasteizko epaitegiaren atarian. Argazkia: EFE

Eusko Alkartasunako zuzendaritzak "gezurrak" esatea eta "akusazio faltsuak" egitea leporatu dio alderdiko sektore kritikoari, eta araudia beti errespetatu duela berretsi du.

EAko buruzagi berria aukeratzeko barne-prozesuan irregulartasunak izan zirela salatuta auzitegira jo zuen sektore kritikoak.

Maiorga Ramirez Nafarroako idazkari nagusiak eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako koordinatzaileek –Iratxe Lopez de Aberasturi, Mikel Goenaga eta Miren Aranoa- jarri zuten demanda, primarioetan parte hartzeko afiliatuen informazioa ukatu zietela salatuz. Epaiketaren azken saioa asteazken honetan egin dute Gasteizko auzitegian.

Eusko Alkartasunaren zuzendaritzak ohar batean adierazi du "araudia beteta eta Asanblada Nazionalaren aginduak jarraituz" jardun duela beti. Estatutuak faltsutu izana ukatu du, eta sektore kritikoari eskatu dio publikoki aitortu dezala "akusazio faltsuak" egin dituela.

Halaber, epaiketan "aurreko nahiz egungo zuzendaritzaren aurka egindako akusazio larriei buruzko frogarik" aurkeztu ez dutela azpimarratu du.   

"Orain, justiziak esango du alderdi politiko baten zintzotasuna, barne-araudia eta demokrazia lau pertsonaren interes pertsonalen gainetik dauden edo ez", erantsi du zuzendaritzak bere oharrean.

 

Albisteak (7)