Deseskalatzea
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa "normaltasun berria"n sartu dira gauerdian
eitb.eus
Gauerditik dago indarrean deseskalatze prozesuaren 3 fasea eta alarma-egoera altxatzeko dekretua, neurri murriztaileak ezarri eta hiru hilabete geroago.
Euskal Autonomia Erkidegoa (EAE) normaltasun berrian dago jada. Hain zuzen ere, gauerdian sartu da indarrean deseskalatze prozesuaren 3 fasea eta alarma-egoera bertan behera uzteko Iñigo Urkullu lehendakariak ostegunean sinatu zuen dekretua. Horrela, zirkulazio askea ahalbidetzen duen etapa berri bat hasi dute gaur Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak.
Gaurtik aurrera, beraz, indarrean dago aro berrirako prebentzio-, zaintza- eta kontrol-neurriak zehazten dituen araua. Eusko Jaurlaritzak azpimarratu duenez, "konpromiso indibidual eta kolektiboa" behar da "prebentziorako eta nork bere burua babesteko neurriekin".
Horrela, Eusko Jaurlaritzak "Gernikako Estatutuak aitortzen dizkion eskuduntza eta aginpideak berreskuratu ditu", eta baliorik gabe gelditu dira alarma-egoera ezarri zenetik hartutako neurri guztiak, nola Espainiako Gobernuak agindutakoak hala Euskal Autonomia Erkidegoan agintaritza dutenek ezarritakoak.
Josu Erkorekaren esanetan, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuaren agindua araudi “berri eta propioa” da, eta EAEko Exekutiboari bide ematen dio epidemia kontrolatzeko neurriak Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko errealitate sanitario, sozial eta ekonomikoari doitzeko, Euskal Autonomia Erkidegorako beren-beregi pentsatuta baitago.
Erkorekak azpimarratu du alarma-egoera altxatu eta “normaltasun berria” eskuratzeko urratsak azkena emango diola “koronabirusak eragindako pandemia globalak ekarritako 100 eguneko salbuespen egoerari”.
Erkorekak gogora ekarri duenez, martxoaren 13an, Gobernu Bilera berezi batean, Nekane Murga Osasun sailburuak “osasun-larrialdiaz” ohartarazi eta “neurri bereziak” hartzeko deia egin zuen.
Hori dela eta, Euskadiko Babes Zibileko Plana martxan jartzea eskatu zuen. Egun horretan bertan, lehendakariak horren zuzendaritza bere gain hartu, eta aholkularitza batzordea deitu zuen osasun-larrialdiari aurre egiteko.
Biharamunean, martxoaren 14an, Espainiako Gobernuak alarma-egoera ezarri zuen, sei aldiz luzatu duten “salbuespen-egoera”. Handik bi egunetara, martxoaren 16an, Urkulluk Legebiltzarrean ordezkatuta dauden alderdi guztiak bildu zituen, eta apirilaren 5erako deituta zeuden hauteskundeak bertan behera uzteko ezohiko erabakia hartu zen.