GAL
Elkarrekin Podemosek Felipe Gonzalez ikertzeko eskatu du; Unidas Podemosek, ez
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Pablo Echenique Unidas Podemoseko Kongresuko bozeramailearen iritzian, ikerketa ez da beharrezkoa, "garai ilun hartan zer gertatu zen mundu guztiak badakielako".
Elkarrekin Podemosek esan du GALen biktimei "egia, justizia eta erreparazioa" zor zaiela eta horretarako ezinbestekotzat jo du Felipe Gonzalez Espainiako Gobernuko presidente ohiak talde armatu horrekin izan zuen lotura ikertzea.
Ameriketako Estatu Batuetako Inteligentzia Agentziak (CIA) 80eko hamarkadan egindako ikerketa baten arabera, Gonzalezek erabaki zuen GAL sortzea, ETAri legez kanpo aurre egiteko.
Ildo horretan, Felipe Gonzalezek GALen sorreran eta jardueran izan zuen papera argitzeko Kongresuan ikerketa-batzordea eratzeko eskaera erregistratu dute ostegun honetan EH Bilduk, EAJk, ERCk, JxCatek, CUPek eta BNGk.
Unidas Podemosek, baina, ekimen hori babestuko ez duela aurreratu du. Pablo Echenique Kongresuko bozeramailearen ustez, ikerketa hori ez da beharrezkoa, CIAren txostenak "ezer berririk erakutsi ez duelako" eta "garai ilun hartan zer gertatu zen mundu guztiak badakielako".
Halaber, auzi horrengatik Espainiako ministro bat eta Estatu idazkari bat zigortu zituztela gogoratu du.
Podemos Euskadik eta Ezker Anitza-IU alderdiek, berriz, uste dute ezinbestekoa dela Felipe Gonzalezek izan zuen ardura argitzea.
Ohar batean azaldu dutenez, "GALek 1987ko uztailaren 24an burutu zuen bere azken hilketa eta hiru hamarkada geroago 65 hilketatik 24 baino ez dira epaitu".
Horrez gain, Barne Ministerioaren zuzendaritza talde armatu horrekin nahasita egon zela esan du.
Polizia gehiegikerien ondorioz 94 pertsona hil zirela eta tratu txarrak eta torturak ikertzeari uko egin zitzaiola nabarmendu du. Auzitegira iritsi diren kasu apurretan, 62 polizia zigortu dituztela eta horietatik 36ri indultua eman zaiela kritikatu du.
Gauzak horrela, eta biktima guztiek "egia, justizia eta erreparazioa" behar dutela azpimarratuta, Felipe Gonzalezek GAL taldearekin izan zuen lotura ikertzea eta behingoz argitzea ezinbestekoa dela adierazi du Elkarrekin Podemosek.