Ustelkeria
Senatuak berriro galarazi du Espainiako errege-etxearen kontuak ikertzea
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
EH Bilduk eta ERCk Espainiako erregearen kontuak ikertzeko batzordea sortzea eskatu zuten, baina PSOEk eta PPk ekimena bertan behera utzi dute Senatuko Mahaian kontrako botoa emanda.
Senatuko Mahaian bigarren aldiz bota du atzera Espainiako errege-etxearen diru-kontuak ikertzeko egindako eskaera. Organo horretan PSOEk, PPk eta EAJk dute ordezkaritza. Lehendabiziko biek ekimenaren kontra bozkatu dute; eta jeltzaleek aldeko botoa eman dute.
Espainiako errege-etxeari lotutako ustezko legez kanpoko sarea eta Saudi Arabian egindako merkataritza harremanak ikertzeko batzorde bat eratzea eskatu zuten apirilean EH Bilduk eta ERCk.
Alabaina, Mahaiak proposamena atzera bota zuen, Erregearen kargu juridikoa bortxaezina dela (Espainiako Konstituzioaren 56. artikulua), Estatuko Aurrekontutik jasotako dirua "askatasunez erabiltzeko" aukera duela (659. artikulua) eta Senatuak hura ikertzeko eskumena ez duela argudiatuta.
Orduan erabakitakoa berriro aztertzeko galdegin zuten bi alderdi soberanistek, baina oraingoan ere gauza bera ebatzi du Mahaiak.
Azken hilabeteotan ugaritu egin dira Espainiako errege-etxea Parlamentuan ikertzen saiatzeko ekimenak.
Urtea hasi zenetik, Kongresuak hiru aldiz galarazi du Juan Carlos I.ri buruzko ikerketa batzordea eratzea, PSOEk, PPk eta Voxek Mahaian bat eginda.