Itxi

Presoak

Gizateriaren kontrako krimenengatik Urrutikoetxea estraditatzea baztertu du Frantziak

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Horrez gain, Fiskaltzak Urrutikoetxea eskumuturreko telematikoarekin aske uzteko eskariarekin bat egin du, eta epaimahaiak datozen orduetan hartuko du erabakia.

Josu Urrutikoetxea, ospitale batean atxilotu zuten egunean.

Gizateriaren kontrako krimenak egotzita Josu Urrutikoetxea ETAko buruzagi ohia Espainiaren esku uzteko eskaria atzera bota du Parisko Apelazio Auzitegiak. Espainiako agintariek igorritako euroaginduan akatsak antzeman ditu epaimahaiak.   

Gaurko saioan, Urrutikoetxearen aurkako beste bi euro-agindu eskaera ere izan dituzte aztergai: Luis Hergueta Michelin enpresako zuzendariaren hilketarekin lotutakoa eta herriko tabernen auziari buruzkoa.  

ETAk 1980an burutu zuen hilketaren harira, epaimahaiak uste du delitua preskribatuta egon daitekeela eta informazio gehiago eskatu die Espainiako agintariei. Gauzak horrela, irailaren 30era arte atzeratu du erabakia. Herriko tabernen auziari lotutako eskaerari buruzko ebazpena ere orduan emango dute.

Urrutikoetxea auzitegian izan da eta Espainiaren esku uztearen aurka dagoela adierazi du.

Bere abokatuek enegarrenez eskatu dute presoa aske uztea, gaixotasun larria duela kontuan hartuta eta koronabirusa Parisko La Sante espetxean zabaltzen ari dela ohartarazita.

Fiskaltzak bat egin du eskariarekin eta Urrutikoetxea eskumuturreko telematikoarekin libre uztea galdegin du. Epaimahaiak datozen orduetan hartuko du erabakia.

Urrutikoetxea 2019ko maiatzaren 16an atxilotu zuten, 17 urtez ihesean egon ostean, Frantziako Alpeetako herri batean. Harrezkero La Sante kartzelan dago.

 

 

Albisteak (4)