Ustelkeria
Juan Carlos I.ri buruzko informazioak "kezkagarriak" direla esan du Sanchezek
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Besteak beste, legez kanpoko komisioak kobratzeagatik eta dirua Suitzako kontu korronteetara bidaltzeagatik ari dira ikertzen Espainiako errege izandakoa.
Pedro Sanchezek "kezkagarritzat" eta "asaldagarritzat" jo ditu azkenaldia Juan Carlos I.ri buruz ateratzen ari diren informazioak.
"Argi dago informazio horiek kezkagarriak direla eta denok asaldatzen gaituztela, baita ni ere", adierazi du Sanchezek.
Moncloa Jauregian Giuseppe Conte lehen ministro italiarrarekin batera egin duen agerraldian, Espainiako errege ohiari lotutako negozio ezkutuen harira galdetu diote kazetariek.
Sanchezek azpimarratu du justiziak ikerketa bat jarri duela abian eta Felipe VI.ak Espainiako monarkia bere aitarengandik aldentzeko neurriak hartu dituela. Joan den martxoan iragarri zuen aitaren herentziari uko egingo ziola eta Estatutik jasotzen duen diru-laguntza kenduko ziola Juan Carlos I.ari.
"Errege-etxea berak ere distantzia hartu du informazio kezkagarri horien harira eta nik hori eskertu egiten dut", esan du. Halaber, "beste aldera begiratu beharrean", zenbait komunikabide Espainiako errege ohiaren ustezko irregulartasunei buruz hainbat datu publikatzen ari direla goraipatu du.
Besteak beste, Saudi Arabiak ustez ordaindutako legez kanpoko komisioengatik eta Corinna Larsenek Suitzan daukan kontu korronte batera dirua transferitzeagatik ikertzen ari dira Juan Carlos I.a.