COVID-19
Eusko Jaurlaritza: "Botoa ematen duten kutsatuek delitua egingo dute"
Agentziak | Erredakzioa
Segurtasun sailburuaren ahotan, pertsona kutsatuei ez diete boto eskubidea mugatu, mugikortasuna murriztu baizik.
COVID-19arekin kutsatutako pertsonak igandean bozkatzera joaten baldin badira osasun publikoaren aurkako delitua egingo luketela ohartarazi du Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak.
Nekane Murga Osasun sailburuak Beltran de Heredia lagundu du agerraldian. Koronabirusarekin kutsatutako herritarrak ezin dira etxetik atera, gaixotasun kutsakor bat dutelako, Segurtasun sailburuak gogorarazi duenez. Boto eskubidea gauzatzera joaten baldin badira, herritarren “osasuna arriskuan jarri” eta delitua egingo lukete, erantsi duenez. “Neurria betetzen ez duten pertsonak harrapatuz gero, espedientea zabalduko zaie”, ohartarazi du.
Murgak zehaztu duenez, konfidentzialtasunak hauteskunde mahaietako kideei pertsona horien datuak ematea eragozten die. Hala ere, “aldez aurretik” kutsatuei “argi” jakinaraziko diete neurria “urratzea osasun publikoarentzako larria” izan daitekeela. Zentzu horretan, “erantzukizuna”, eskatu die.
Segurtasun sailburuaren hitzetan, herritarren boto eskubidea ez dute sekula mugatu, mugikortasuna murriztu baizik, osasun publikoarentzako arriskutsuak direlako. “Neurria betetzea pertsona bakoitzaren erantzukizuna da. Betetzen ez baldin badute, osasun publikoaren aurkako delitua egingo lukete, eta zigorra jaso dezakete”, adierazi du.
Pertsona horien edo beste gaixo batzuen botoa atzeratzeko aukera ez du legeak aurreikusten, sailburuak errepikatu duenez.
“161” pertsona
COVID-19 aktiboarekin “161” herritar daudela azpimarratu dute sailburuek, eta guztiak ez dira hauteskunde-erroldan agertzen.
Osasun sailburuak esan duenez, “COVID aktibo” egoeran 161 pertsona daude, Euskadiko gainerako kutsatuak kontrolpean eta fase ez infekziosoan daudelako. Azken horiek hauteslekuetara joateko osasun baimena eska dezakete, beste pertsona batzuk kutsatzeko arriskurik ez dagoela egiaztatzen baldin bada.
PCR probaren emaitza ezagutzeko zain dauden pertsonak ezin izango dute bozkatu, baina Murgak ziurtatu duenez, gaur egiten ari diren proben emaitzak datozen orduetan jakinaraziko dizkiete. Positibo ematen baldin badute etxean geratu beharko dira, eta negatiboak badira boto eskubidea gauzatu ahal izango dute.
Azkenik, kutsatuen harremanek botoa emateko aukera izango dute, nahiz eta badaezpada bakarturik egon, baina PCR probak negatibo eman baldin badu, noski. Hala ere, segurtasun neurri zorrotzekin bozkatu beharko dute, ahal izanez gero botoa etxetik prest ekarrita.
Bestalde, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak Eusko Jaurlaritzaren hitzak gogor kritikatu ditu Twitter sare sozialean:
Birusak kutsatua egonda botoa ematera joatea delitua bada, zer da pandemia baten erdian hauteskundeak deitzea? Auzolotsa. https://t.co/ulyNNqzcwB
— Arnaldo Otegi ¿ (@ArnaldoOtegi) July 11, 2020