Itxi

Noos auzia

Iñaki Urdangarini hirugarren gradua ematea proposatu du Brievako espetxeak

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Orain, Espetxe Erakundeetako Idazkaritza Nagusiak erabaki hori berretsi behar du, eta, horretarako, bi hilabeteko epea du.

Iñaki Urdangarin. Artxiboko argazkia: EFE

Iñaki Urdangarini hirugarren gradua ematea proposatu du Brievako kartzelako (Avila) tratamendu batzordeak. Erabaki hori joan den astean egindako bilera batean hartu zuen espetxeak, aldeko lau boto eta kontrako hirurekin. Orain, Espetxe Erakundeetako Idazkaritza Nagusiak erabaki hori berretsi behar du, eta, horretarako, bi hilabeteko epea du.

Brievako espetxeak hilabete honetan berrikusi behar zuen Urdangarinen egoera. Izan ere, Auzitegi Gorenak bost urte eta hamar hilabeteko kartzela-zigorra ezarri zion 'Noos auzian' ustelkeria egotzita. Testuinguru horretan, bigarren graduan sailkatu zuten orain bi urte, kartzelan sartu eta bi hilabetera.

Espetxeetako hirugarren gradua baldintzapeko askatasuna lortzeko aurretiazko urratsa da. Orain arte, Urdangarin hirugarren graduan sailkatzeko proposamena egitea baztertu du Brievako tratamendu batzordeak. Espetxe Erakundeetako Idazkaritza Nagusiak erabaki hori berretsiz gero, astelehenetik ostegunera bitartean soilik lo egitera joan beharko litzateke kartzelara, eta, ziurrenik, bere etxetik gertu dagoen beste zentro batean izango litzateke, Avilako espetxeak ez baitu sekzio irekirik.

Irailaz geroztik, borondatezko lanak egiteko eta ohiko irteera baimen arruntez gozatzeko irten daiteke espetxetik. Baimen horiek urtean 36 egunekoak dira bigarren graduan sailkatutako zigortuentzat, eta 48 egunekoak, berriz, hirugarren graduan daudenentzat.

Albisteak (3)