Barne gatazka
Blancok kritikoek barkamena eskatzea eta helegiterik ez jartzea espero du
agentziak | erredakzioa
EAren idazkari nagusiak azpimarratu du epailearen erabakiak argi uzten duela ez zela "inolako iruzurrik" egin, eta berme guztiak bete zituztela.
Eba Blanco EAren idazkari nagusiak esan du alderdiaren sektore kritikoak barkamena eskatzea espero duela, auzitegiek atzera bota baitute primarioetan izandako ustezko irregulartasunengatik jarri zuten salaketa, eta espero du "atzera egitea" eta epaiari helegiterik ez jartzea.
Blancok agerraldia egin du Gasteizen, alderdiaren egoitzan, epaiaren irakurketa egiteko; izan ere, auzitegiak ebatzi du ez zela urratu Pello Urizarren oinordeko izateko primarioen prozesuan parte hartzeko eskubidea, Maiorga Ramirez hautagai izan zenak salatu zuen moduan.
Alderdiko idazkari nagusiak azpimarratu du epailearen erabakiak argi uzten duela ez zela "inolako iruzurrik" egin, eta berme guztiak bete zituztela prozesua "neutrala, gardena eta barne araudiarekin bat zetarrena izan zela".
Sektore kritikoak haren aurka egindako "irainak eta gezurrak" arbuiatu ditu, eta barkamena eskatuko dioten esperantza agertu du. "Ongi etorria da proiektu honekin bat egin nahi duen oro, baina eraikitzeko, ez suntsitzeko", zehaztu du Araba, Gipuzkoa eta Nafarroako koordinatzaile nagusiei, Iratxe Lopez de Aberasturi, Mikel Goenaga eta Miren Aranoari, erreferentzia eginez.
"Ez gara inoiz liskarren aldekoak izan, gehiago gara lan diskretukoak. Ikuspegi hori partekatzen ez duenak dinamika hori hausten du, eta ez die gainerakoei lan egiten uzten. Espero dugu salatzaileek atzera egitea, helegiterik ez jartzea, eta inoiz hasi behar ez zuten bidetik aldentzea ", adierazi du.
Bestalde, sektore kritikoko ordezkariek esan dute epaiak inkoherentziak dituela, eta, ohar baten bidez adierazi dutenez, edukia juridikoki aztertzen ari dira, errekurritu ala ez erabakitzeko.