Itxi

Katalunia

Epaileak Pujol Ferrusola familia epaitzea proposatu du, talde kriminalagatik

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Epailearen iritziz, frogatuta dago familiak bere estatusa baliatu zuela "gehiegizko ondarea metatzeko". Ondare horrek "lotura zuzena du jarduera usteletatik eratorritako eskuratze ekonomikoekin”.

Jordi Pujol, artxiboko irudian. Argazkia: EFE.

Jose de la Mata Auzitegi Nazionaleko epaileak Jordi Pujol Generalitateko presidente ohia, Marta Ferrusola haren emaztea eta horien zazpi seme-alabak epaitzea proposatu du ostegun honetan; izan ere, De la Mataren iritziz, familiak talde kriminala sortu zuen, hainbat hamarkadatan aberastea helburu, ustelkeriarekin zuzenean lotutako jardueren bidez.

Prozedura laburtu bilakatutako auto batean (auzipetzearen baliokidea da), epaileak zehaztuta du frogatutzat jotzen duela Pujol Ferrusola familiak Kataluniako bizitza politikoan, sozialean eta ekonomikoan hainbat hamarkadatan izandako estatus pribilegiatua baliatu zuela, "gehiegizko ondarea metatzeko". Ondare horrek "lotura zuzena du jarduera usteletatik eratorritako eskuratze ekonomikoekin".

Eta azpimarratu egiten du jarduera horietako batzuek bat egin zutela Pujol Generalitateko presidente izandako epearekin (1980-2003), emaztearekin batera talde kriminaleko lidergoan zegoela.

Instrukzio Zentraleko 5. Epaitegiko titularrak ondorengo delituengatik auzipetzen ditu: talde kriminala edo legez kontrako elkartzea, Ogasun Publikoaren aurkako kapitalen zuriketa, eta dokumentuak faltsutzea.

Epaileak ez du talde kriminalaren gaineko zalantzarik; izan ere, baldintza guztiak bete egiten ditu: hainbat maila hierarkiko, planifikatutako egitura bat, eta denbora luzean indarrean egotea. Hain zuzen ere, Andorran lehen kontu korronteak ireki zituztenean hasi omen zen, 1992an, eta 2014an amaitu, familiak azken fundazioak itxita.

Idazkian (509 orrialde ditu), epaileak zehatuta ditu familiak urte horietan guztietan egindako operazioak. Milioi askoko kopuruak jaso zituzten, arrazoirik gabe; helburua zen "milioi askoko legez kanpoko onurak jasotzea, jarduera faltsutzaile eta ustelen bidez".

Jordi Pujol eta Marta Ferrusola, liderrak

De la Matak azaldu du Jordi Pujol eta Marta Ferrusola zirela taldeko liderrak; izan ere, azken horrek, bere buruari deitzen zion "kongregazioko ama nagusia". Behetik, Jordi Pujol Ferrusola zegoen, "parrokiako kapilaua" bera; gainerako anaia-arrebek, azken horren jarraibideak izaten zituzten kontuan. Berak hartu eta banatzen zuen dirua, epailearen arabera.

Lehensemeak onartu egin du Andorrako kontuetako operazio guztiek eta hainbat urtetan izandako negozioek lotura zuzena izan zutela berak bere buruarentzat eta familiarentzat kudeatzen zuen ondare ekonomikoarekin. Halaber, ahalmena zuen banku-gestoreei jarraibideak emateko, familiako kideen kontuan gainean.

Beste pertsona batzuek ere lagundu zioten talde kriminalari, modu transbertsal, iraunkor eta sistemikoan, euren merkataritza-egiturekin lagunduz, eta bitartekariaren itxurak eginez, ordainketen opakutasuna ziurtatzeko eta operazioen benetako onuradunentzako parapeto gisa balio izateko.

Epailearen hitzetan, ondarearen jatorria hainbat iturritatik dator, eta, kasu batzuetan, ezezagunak dira; ez dago zantzu sendorik gezurtatzeko, familiak argudiatu duenez, ez datorrela Florenci Pujol aitonaren jaraunspen batetik.

Funtsen jatorriari dagokionez, epailearen iritziz beste pertsona batzuek egindako legez kontrako ordainketetan kokatzen da. Milioi askoko ordainketak egiten zituzten hainbat enpresak, sozietate-egituren bidez disimulatuta, eta zerga-paradisuak baliatuz.

Disimulatutako kontratu horien trukean, Pujol Ferrusola familiak "mesede politikoak" ematen zituen: esleipenak, kalifikazio urbanistikoetako aldaketak, eta emakidak, Katalunia osoan.