Itxi

Eusko Legebiltzarra

EAJko 31 legebiltzarkideek akta jaso eta Ganbera osatzeko prozesua martxan jarri dute

Agentzia | Erredakzioa

Leer en Castellano

Honezkero, 75 legebiltzarkideen heren batek baino gehiagok akta jaso dute, eta Ganbera osatzeko prozesua martxan da. Legebiltzar berria abuztuaren 3an osatuko da.

Legebiltzarkide jeltzaleak Urkullu buru dutela. Argazkia: EFE

EAJko 31 legebiltzarkide hautetsiek akta jaso eta Ganbera berria osatzeko prozesua martxan jarri dute ostiral honetan. Legebiltzar berria abuztuaren 3an osatuko da.

PSE-EEko 10 legebiltzarkide hautetsiek akta jaso zuten atzo, eta gaur 31 jeltzaleek gauza bera egin dute. Horrela, 75 legebiltzarkideen heren batek baino gehiagok akta jaso dute dagoeneko, eta Ganbera osatzeko prozesua martxan da.

Iñigo Urkullu jarduneko lehendakariak akta jasotzen aurrena izan da, ondoren Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko jarduneko presidentea. Gainerako ordezkari jeltzaleek ondoren jaso dute egiaztagiria.

31 hautetsietatik, 12k Bizkaia ordezkatzen dute, 10ek Gipuzkoa eta 9k Araba. 16 emakume eta 15 gizon dira. Bestalde, 11k 40 urte baino gutxiago dituzte, eta 6rentzako estreinakoa izango da Eusko Legebiltzarrean.

Adineko Mahaiak zuzendutako saioan, mahai horretako presidentea eta gainerako kideak aukeratuko dituzte.

Hurrengo osoko bilkurak legebiltzarkide hautetsien bateraezintasunak ebazteko Batzordea hautatuko du. 20 eguneko epean erabakiaren berri eman beharko du horrek. Lan hori bukatuta, lehendakariaren inbestidura saioa egiteko data jakitera emango du Legebiltzarreko presidenteak.

Inbestidura saioa abuztu amaieran edo iraila hasieran izan daiteke. EAJren eta PSE-EEren babesarekin Iñigo Urkullu lehendakari berriz izendatzea espero da. Azken urteetako gobernu ituna errepikatzeko negoziatzen ari dira sozialistak eta jeltzaleak jadanik.

Zentzu horretan, XII. legealdia lehenbailehen martxan jartzea espero du lehendakariak. Era berean, iraila hasieran “gobernua osaturik” izatea “perfektua” litzatekeela adierazi du Josu Erkoreka bozeramaileak.

PP+Cs eta EH Bilduko ordezkariek astelehenean jasoko dute akta, eta Elkarrekin Podemos-IUkoek eta Voxekoak datozen egunetan.

Albisteak (2)

Bideoak (1)