Espetxe-politika
ETAko lau preso hurbildu dituzte Madrilera eta Logroñora
agentziak | erredakzioa
Alacanten zegoen Raul Angel Fuentes Soto del Realera eraman dute, eta Iban Apaolaza (Granada), Oihana Bakedano eta Aitor Fresnedo, Logroñora.
Raul Angel Fuentes, Iban Apaolaza, Oihana Bakedano eta Aitor Fresnedo ETAko presoak Euskal Herritik hurbilago dauden espetxeetara eramateko agindu du Espetxe Erakundeen Idazkaritza Nagusiak.
Raul Angel Fuentes Alacantetik Soto del Realera (Madril) eraman dute, eta beste hirurak Logroñora, Apaolaza Granadako espetxetik eta Bakedano eta Fresnedo Jaenetik.
Fuentes 2014ko abuztuaren 26an sartu zuten kartzelan, 50 urteko kartzela zigorra ezarri zioten 1991n Barakaldoko (Bizkaia) polizia nazional baten autoan bonba bat jartzen saiatzeagatik, eta 2031ko otsailean beteko ditu zigorraren hiru laurdenak.
Iban Apaolaza 2008ko urriaren 19an sartu zuten espetxean, eta 123 urteko kartzela-zigorra ezarri zioten Pedro Antonio Blanco Garcia teniente koronela Madrilen 2000ko urtarrilaren 21ean bonba-auto baten bidez hil zuen atentatuan parte hartzeagatik.
Espetxe Erakundeak jakinarazi duenez, Apaolazak zigorraren hiru laurdenak beteko ditu 2033ko irailean, espetxe legedia onartu du, egindako kaltea aitortu du eta barkamena eskatu du eragindako sufrimenduagatik.
Granadako espetxeko tratamendu batzordeak bigarren gradura igarotzea eta Logroñoko espetxera eramatea proposatu du.
Oihana Bakedano 2002ko urriaren 3an sartu zuten espetxean, eta 18 urteko espetxe zigorra du, zilegi ez den elkarte bateko kide izateagatik eta lehergailuak eta armak lizentziarik gabe edukitzeagatik.
Preso horrek zigorraren hiru laurdenak bete zituen 2016ko martxoan, biktimei barkamena eskatzeko idatzi bat bidali du, espetxe legedia onartu du eta programatutako jardueretan parte hartuko du.
1996ko uztailaren 27an espetxeratu zuten Aitor Fresnedo, eta 30 urte eta sei hilabeteko kartzela-zigorra ezarri zioten, besteak beste, 1995ean Bilboko NANaren bulegoetan egindako atentatuagatik.
Bere kasuan zigorraren hiru laurdenak bete zituen 2015eko irailean, espetxe legedia onartu du eta programatutako jardueretan parte hartzen du.
Azken bi horientzat Jaengo espetxeko tratamendu batzordeak Logroñoko espetxera lekualdatzea proposatu du.