Epaia
"Bateragune" auziko zigorrak baliogabetu ditu Auzitegi Gorenak
Agentziak | Erredakzioa
2018an, Angela Murillo 'Bateragune' auziko epaimahaiko presidentea ez zela inpartziala izan ebatzi zuen Giza Eskubideen Europako Auzitegiak.
Auzitegi Gorenak "Bateragune" auziko epaia baliogabetu du ostiral honetan, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak 2018an epaile baten inpartzialtasun ezagatik Espainiari ezarritako zigorraren ostean. 2012an, 6 urte eta 6 urte eta erdi arteko kartzela-zigorrak ezarri zizkien Gorenak Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiari eta beste bi auzipeturi.
Gauzak horrela, Arnaldo Otegik, Rafael Diez Usabiagak, Arkaitz Rodriguez Torresek, Sonia Jacinto Garciak eta Miren Zabaleta Telleriak jarritako helegiteak aintzat hartu ditu Goreneko Bigarren Salak.
Gorenaren iritziz, Auzitegi Nazionaleko magistratu baten inpartzialtasun faltagatik Otegiri arrazoia eman zion Estrasburgoko epaiak helegitea aztertzeko eta aintzat hartzeko baimena ematen du.
Hain zuzen ere, kasu honetan Giza Eskubideen Europako Hitzarmenaren 6.1 artikulua (auzitegi independente eta inpartzial batek epaitua izateko eskubidea ezartzen duena) urratu zela iritzi dio Gorenak. Hala, aho batez zigortu zuen Estrasburgok Espainia, 2011n Arnaldo Otegik, Rafa Diezek, Arkaitz Rodriguezek, Miren Zabaletak eta Sonia Jacintok Angela Murillo Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aurka aurkeztu zuten helegiteari jaramonik ez egiteagatik.
2010eko martxoko epaiketan, terrorismoa gaitzesten ote zuen galdetu zion Murillok Otegiri, Jose Mari Sagardui 'Gatza' ETAko presoari egindako ongi etorriaren harira, eta, EH Bilduko gaur egungo koordinatzaile nagusiak erantzuteari uko egin zionez, magistratuak hauxe esan zuen: "Banekien nik ez zenuela galdera hori erantzungo".
Epaian, auzitegiak ondorioztatu du "auzi-jartzaileek Murillorekiko zuten mesfidantza objektiboki justifikatutzat jo zitekeela", kontuan izanda Auzitegi Gorenak Sagarduiren ongi etorriagatik egindako epaiketa 2011ko otsailean beste auzitegi batekin errepikatzera behartu zuela (Otegi absolbitu egin zuten azkenean). Murillo epaimahaiko presidente izan zen "Bateragune" auziko epaiketan (2011ko ekaina), defentsaren errefusatze eskaerak gorabehera.
Bideoa: Angela Murillo epailearen jarrera hau inpartzialtzat jo zuen Estrasburgok
Erreakzioak epaiaren ondoren
Maddalen Iriarte EH Bilduko legebiltzarkide eta lehendakarigaiaren ustez, "Espainiako Justiziaren benetako maila agerian geratu da".
"Espainiako Auzitegi Gorenak sei urte eta erdiz modu injustuan izan zituen kartzelan auzipetuak, Konstituzionalaren babesarekin. Gainera, Estrasburgoko epaia onartzeko 20 hilabete behar izan ditu auzitegi horrek", esan du Iriartek Twitter bidez zabaldutako mezu batean.
Sei urte t’erdiz kartzelan modu injustuan eduki zituen Espainiako auzitegi gorenak. Estrasburgoko epaia onartzeko 20 hilabete behar izan ditu auzitegi horrek. Hauxe da Espainiako justiziaren benetako maila. https://t.co/Q8gwBFgNtV
— Maddalen Iriarte Okiñena (@MaddalenIriarte) July 31, 2020
Bestalde, EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegik euskal preso eta errefuxiatuak izan ditu gogoan, eta haien askatasuna eskatu du. Halaber, azpimarratu du espainiar Estatuan justiziak ez duela askatasunez jokatzen.
Gaur baieztatu da gure espetxeratzea Euskal Herriko bakearen aurkako operazioa izan zela. Espainiako Estatuan justizia independenterik ez dagoela gogoratzeko eguna da. Euskal preso politikoak, errefuxiatuak eta deportatuak gogoratzeko eguna. Eta aske uztea exijitzeko eguna. pic.twitter.com/WWQFjB5MAv
— Arnaldo Otegi ¿ (@ArnaldoOtegi) July 31, 2020