Itxi

Espainiako monarkia

"Sagar ustela otarretik" ateratzearekin nahikoa ez dela ohartarazi du Rufianek

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

ERCren Kongresuko bozeramailearen hitzetan, bere garaian Cristina infantaren senarrarekin egindakoa Juan Carlos I.arekin errepikatu nahi du Zarzuelak orain.

Gabriel Rufian ERCren Kongresuko bozeramailea. Artxiboko argazkia: EFE

Iñaki Urdangarinen kasuan asmatu ez zuten bezala, orain errege emerituak bizi duen egoeraren aurrean, “sagar ustela otarretik” ateratzearekin nahikoa izango ez dela ohartarazi die Gabriel Rufian ERCren Kongresuko bozeramaileak Felipe VI.ari eta Pedro Sanchezen Gobernuari. Rufianen ahotan, Juan Carlos I.ak “gutxienez” epaitegira joan beharko luke, Mekako AHTren lanekin lotutako ustezko irregulartasunen inguruan azalpenak emateko.

“Operazioa gaizki aterako zaie, guztiek gogoan dugulako; sagar ustela eta otzara bereizi nahi dituzte”, ziurtatu du Rufianek, Europa Pressek egindako elkarrizketan.

Rufianen hitzetan, bere garaian Cristina infantaren senarrarekin egindakoa Juan Carlos I.arekin errepikatu nahi du Zarzuelak orain. “Orduan gaizkilea Urdangarin zen, guztiek gogoratzen dugu”, eta “Juan Carlos eta Felipe gizajoak” biktimak ziren, gogorarazi duenez.

“Orain, bat-batean, gaizkilea Juan Carlos da, baina Felipek aitaren negozioen berri zuela argitaratu du nazioarteko prentsak”, azpimarratu du ERCko ordezkariak.

"Orain, bat-batean, gaizkilea Juan Carlos da"

ERCko bozeramailearen esanetan, monarkia “arazo endemiko bat da, eta lehenago edo beranduago heldu beharko diote”. Horregatik, errege emeritua Zarzuelatik ateratzearekin ez da nahikoa izango, nabarmendu duenez.

“Jaunak etxez aldatzea makillaje operazio bat baino ez da; epailearen aurrean agertu beharko luke, eta hemen egiten ez baldin badu beste herrialde batean egin beharko du”, iragarri du.

Azkenik, Kongresuak ikerketa abiatu beharko lukeela errepikatu du, baina oraingoz PSOEren betoak ezinezko egiten duela onartu du. “Demokraziaren lehen mailako kontua da”, adierazi du. “Mota horretako ikerketei betoa jartzea ez zaio ezkerrari doan aterako”, ohartarazi du.

Javier Maroto PPren Senatuko bozeramaileak, aldiz, Felipe VI.aren figura ordezkaezina dela uste du. Gainera, espainiarrek monarkia parlamentarioari “eskertzeko asko” diotela erantsi du. Trantsizioan eta demokraziaren 40 urteetan “funtsezko” tresna “erabakigarria” izan da, azpimarratu duenez.

Albisteak (6)