Itxi

Frankismoa

Espainiako lau presidente ohik Martin Villa babestu dute Servini epailearen aurrean

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Felipe Gonzalezek, Jose Maria Aznarrek, Jose Luis Zapaterok eta Mariano Rajoyk gutun bana igorri diote Seviniri, babesa adierazteko. Villak irailaren 3an deklaratuko du.

Frankismoko hilketen aurkako prentsaurrekoa. Artxiboko irudia: Martxoak 3 elkartea

Rodolfo Martin Villa Barne ministro ohiak ostegun honetan deklaratuko du telematikoki Maria Servini epaile argentinarraren aurrean, frankismoarekin lotutako hainbat krimenekin zerikusia duelakoan. Horren aurrean, Espainiako Gobernuko lau presidente ohik babesa agertu diote, Serviniri gutun bana bidalita.

Hain zuzen ere, Villak berak igorri dizkio gutunak Serviniri. Horiekin batera, idatzi bat helarazi dio orain arte egotzi dizkioten delituei buruzko azalpenekin.

Frankismoarekin lotutako krimenen aurkako kereila babesten duten koordinakundeak eta Martin Villaren gertuko iturriek azaldu dute hainbat politikari eta ordezkari sindikalen izenean sinatutako gutunak aurkeztu dituela. Gehienak uda honetan idatzitakoak dira, ministro ohiaren ibilbide politikoa babesteko helburuarekin.

Horien artean, esan bezala, Espainiako Gobernuko lau presidente ohiren idatziak daude (Felipe Gonzalez, Jose Maria Aznar, Jose Luis Rodriguez Zapatero eta Mariano Rajoy), baita Josep Borrell Europar Batasuneko Atzerri Politikako eta Segurtasuneko goi ordezkari ohiarena ere.

1976 eta 1979 bitartean Estatuko Segurtasun Indarrek eragindako 12 heriotza egotzi dizkiote Martin Villari, eta CEAQUAren arabera "akats gisa" hartzen ditu Villak heriotza horiek guztiak Serviniri bidalitako idatzian.

Besteak beste, Martxoak 3 elkarteak eta 78ko Sanferminak Gogoanek osatzen dute Argentinako Kereilaren Aldeko eta Frankismoaren Krimenen Aurkako Espainiako CEAQUA plataforma, zeinak gogor salatu baituen Serviniri hainbat politikarik gutun horien bidez egindako presioa. "Juridiko zein demokratikoki onartezina da jasotzen ari den presio politikoa", kritikatu du CEAQUAk.

Albisteak (1)