Nafarroa
Zizur Nagusiko udal gobernuak AS Zizurreko bi zinegotziak kanporatu ditu
Agentziak | Erredakzioa
Gobernua osatzen duten beste bi alderdiek, Geroa Baik eta EH Bilduk, salatu dute kanporatutako biak zentsura-mozioa aurkezteko hartu-emanetan zeudela beste talde batzuekin.
Zizur Nagusiko Udaleko gobernuak, orain arte Geroa Baik, EH Bilduk eta AS Zizurrek osatutakoak, azken talde horretako bi zinegotziak (Javier Alvarez eta Ana Reguilon) kanporatzea adostu du.
Kargugabetzea atzo arratsaldean jakinarazi zuten Jon Gondan alkateak (Geroa Bai) eta Jose Angel Saiz zinegotziak (EH Bildu), beste udal ordezkari batzuk ondoan zituztela.
Alkateak azaldu duenez, "elkarrekin hartutako erabakia da, hainbat arrazoi tarteko. Jakin badakigu kargugabetutako zinegotziak beste talde batzuekin harremanetan egon direla gobernu honen kontrako zentsura-mozioa aurkezteko. Leialtasun falta itzela da".
Etorkizunaz galdetuta, Jose Angel Saizek nabarmendu du "beste talde batzuekin itunak" lortzeko lanean jarriko direla "udal gobernuari egonkortasuna emateko". Kanporatutako bi zinegotziak "gobernua zatitzeko ahaleginetan" egon direla salatu du Saizek.
AS Zizur taldeko bi kideek adierazi dute ez zeudela eroso EH Bildurekin koalizioan, baina ukatu egin dute zentsura mozioa prestatzen ari zirela.
Navarra Sumak irabazi zituen 2019ko udal hauteskundeak Zizur Nagusian, 6 zinegotzirekin. Dena dela, Geroa Baik (4), EH Bilduk (3) eta AS Zizurrek (2) indarrak batu eta koalizio gobernua osatu zuten. PSNk 2 ordezkari ditu udalean.