Itxi

Inbestidura saioa

Iriartek "trantsizio bat" proposatu du, herritarrak erdigunean izango dituena

E. GARAIKOETXEA ORTIZ DE U. | EITB.EUS

Leer en Castellano

EH Bilduren lehendakarigaiak "herri akordioen" beharra azpimarratu du, eta hezkuntza, osasun eta enpleguaren euskal legeak onartu behar direla nabarmendu du.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Maddalen Iriarte EH Bilduren lehendakarigaiak ekin dio gaur Eusko Legebiltzarrean egiten ari diren inbestidura saioari. Koronabirusaren krisiak markatuko du osoko bilkura, eta hori izan da, hain justu, koalizio abertzaleko hautagaiaren ardatza. Nabarmendu duenez, "ekintzarako garaia da. Ekinez egiteko garaia. Paralisia albo batera utzi eta mugitzen hasteko garaia". Eta horren ildoan, "politika egiteko modu berri bat" aldarrikatu eta COVID-19aren krisiari aurre egiteko "trantsizio bat" proposatu du Iriartek, EH Bildu helduleku izango duena: "Trantsizio feminista, ekologikoa eta arlo sozialean aurreratua, indartutako sistema publiko batean oinarritua. Pertsonen bizitza erdigunean jarriko duen trantsizio bat, zaintza erdigunean jarriko duena", erantsi du. 

Iriarteren ustez, pandemiak eragindako krisiak "agerian utzi du zerbitzu publiko indartsuen beharra" eta "emakumeen indarra". Izan ere, azaldu duenez, andrazkoak gehiengoa dira osasungintzan, irakaskuntzan, adinekoen egoitzetan, zaintza lanetan... Koronabirusaren krisiak utzi du beste irakaspenik: "elkarlanaren eta kooperazioaren garrantzia".

Interesgarria izan daiteke: Maddalen Iriarteren agerraldi osoa

Herri akordioak hezkuntzan, osasunean eta enpleguan

Koronabirusaren krisiak erakutsitakoak gogoan edukita, "herri akordioen" beharra azpimarratu du EH Bilduren hautagaiak, betiere "herritarrak erdigunean jarrita". Azaldu duenez, hori da proposatzen duen "trantsizio horretarako zorua, justizia sozialerako oinarria".

Ildo horretan, proposatzen duen trantsizio horretarako legegintzaldi honetan "euskal hezkuntza lege" berri bat onartzea nahitaezkotzat jo du Iriartek, "lege bihurtuko den herri akordio bat, agente guztien arteko prozesu parte-hartzaile, garden eta demokratiko baten emaitza". Epe laburrera begira, bestalde, ikasturte honetarako ratioak jaistea eta horren arabera behar diren kontratazioak egitea galdegin du. Hezkuntza hizpide, aipamen berezia egin nahi izan dio Iriartek euskarari eta itxialdi garaian izan duen galerari, "herritar askoren euskararen arnasgune bakarra eskola delako". Hala, galera horri konponbidea topatzeko neurriak hartu behar direla esan du.

Osasuna hizpide hartuta, Iriartek adierazi du koronabirusak "euskal osasun sistemaren ahuldade eta indarguneak agerian" utzi dituela. Lehenengoei buruz, EH Bilduko buruzagiak uste du azken urteetako murrizketen ondorioak begi-bistan geratu direla. Gogorarazi duenez, "Euskal Autonomi Erkidegoan gastu sanitario publikoak atzera egin du azken urteotan. 2018ko azken datuak BPGren %5,3an jartzen gaitu".

Gaixotasuna geldiarazteko lehen arretaren lana funtsezkoa dela esan du Iriartek, eta horregatik, 3.000 profesional gehiago kontratatu behar direla nabarmendu du.

Horrekin batera, Osasun Publikoaren euskal legea onartu beharra dago, Iriarteren aburuz.

Gai ekonomikoei helduta, EAEn pobrezian bizi diren 100.000 pertsonak gogoan hartu ditu, eta diru sarrerak bermatzeko errentaren legea aldatu eta Lanbide birdefinitzeko beharra azpimarratu du. Haurtzaroan bereziki eragiten duten egoerei aurre egiteko, 23 urtetik beherakoentzat 120 euroko oinarrizko errenta unibertsala ezartzea proposatu du Iriartek.

Halaber, pandemiak eragindako ondorioei aurre egiteko "COVID-tasa" bat ezartzearen alde egingo duela hitzeman du, gehien irabazten dutenei zuzenduta.

Iriarte, bere hitzaldiaren beste une batean. Argazkia: EFE

Azpimarratu duenez, pandemiaren testuinguruan, "osasuna eta ekonomia aurrez aurre jarri nahi izan zaizkigu, baina dikotomia faltsua zen, eta faltsua da". Horren ildoan, kalitatezko enpleguaren aldeko herri itun bat aldarrikatu du, "enplegua eta langileak babesteko, herri hau jasangarriagoa den norabide batean kokatzeko, kalitatezko enplegua sustatzeko eta ingurumen inpaktua murrizten duten jardun ekonomikoak bultzatzeko".

Horrez gain, 1.200 euroko gutxieneko soldata eta 35 orduko lan-astea lortzeko lan egingo duela iragarri du.

Pandemia hasi zenetik sektore industrialak izandako galera aipatu du segidan Iriartek, eta 60.000 langile galdu direla gogorarazi. Horren harira, euskal industria babesteko hainbat neurri fiskal proposatu ditu, hiru arlotan bilduta: likidezia 1.525 milioitara zabaltzea, enpresak erreskatatzeko 200 milioiko funts bat sortzea eta inbertsiorako 975 milioi bideratzea.

Lau finantziazio iturri

Hori guztia egiteko, lau finantziazio iturri aipatu ditu EH Bilduren lehendakarigaiak. Aurrenekoa, erakunde publikoen eta bereziki Jaurlaritzaren aurrekontuak eta gastu aurreikuspen guztiak "orraztea", "bikoizketak, lan faraonikoak, soldata altuegiak... ezabatuz. Bigarrena, zorra eskatzea, eta hirugarrenik, Europatik etorriko diren funts bereziak eskuratzea, ahal den neurrian.

Azkenerako utzi ditu Iriartek autogobernuarekin eta bake eta bizikidetzarekin lotutako gaiak. Horren esanetan, Gernikako Estatutuak aspaldi beteta egon behar zuen arren, egungo egoerari eta erronkei heltzeko ez da nahikoa."Beteta ere, ez du balio", erantsi du. Ildo horretan, legealdi honen erdialderako Estatutu politikoaren proposamen berri bat aurkeztu behar dela esan du, eta ondoren, kontsulta bat egin.

Biktima guztiak eta presoak ere gogoan izan ditu EH Bilduko hautagaiak, eta Jose Mari Torrealdairi "omenaldi xume" bat eginez eta haren esaldi bat gogoratuz ("Ezina ekinez egina") amaitu du hitzaldia.

Albisteak (4)

Bideoak (1)

Informazio gehiago (1)