Itxi

LEGEALDI BERRIA

EAJk eta PSE-EEk gobernu-akordiotik kanpo utzi dute Estatutuaren erreforma

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Gernikako Estatutuaren erreforma alderdien esparruan utzi du EAJren eta PSE-EEren arteko akordioak, 2016an egin zuten bezala. Gobernutik kanpo utzi dute, beraz.

Urkullu, Ortuzar eta Mendia, Gobernu akordioa sinatzen. Argazkia: EFE

Gernikako Estatutuaren erreforma alderdien esparruan utzi du EAJren eta PSE-EEren arteko akordioak, 2016an egin zuten bezala. Gobernutik kanpo utzi dute, beraz.

Ostegun honetan argitaratu den akordioaren 91 orrialdeetako bakarrean egiten zaio aipamena Estatutuaren erreformari, 4. atalean hain zuzen, "Bizikidetza eta Autogobernua, lortu beharrekoa" izenekoan. Atal horretan agertzen denez, gaian gehiago sakontzeko eta erreforma hori ahalik eta adostasun handienarekin eta modu zintzoenean egiteko konpromisoa hartu dute bi alderdiek.

Nork bere jarrera babesteko askatasun osoa izango duela aitortu dute testuan EAJk eta PSE-EEk, bai eta autogobernuari buruz mahai gainean jartzen diren eztabaidetan ez diotela bata besteari inongo trabarik egingo ere.

Estatutu berri bat abian jarriz gero, legeak dioen moduan, Eusko Jaurlaritzak onartu egin beharko du lehendabizi, ondoren Gorte Orokorretara helarazi eta, azkenik, Euskadin erreferenduma egin.

Erreformaz gain, egungo Estatutua osatzeko beharra babestu dute, eta Espainiako Gobernuarekin zintzilik dituzten hainbat gai eskualdatzeko datak ere gehitu dituzte. Gai horien artean daude, besteak beste, kartzelak, aeroportuak, portuak edo aldirietako trenak. Gizarte Segurantzaren kudeaketa ekonomikoa 2021eko abendurako utzi dute.  

Erakundeen eraginkortasuna hobetze aldera, Eusko Jaurlaritza ahalik eta ondoen koordinatzen saiatuko dela dio, eta "leiho bakarra" martxan jarri dutela eta "adimen artifiziala" erabaliko dutela gaineratu dute testuan.

Bizikidetzan urrats berri bat

Bestalde, ETAren terrorismoaren harira bizikidetzan besten urrats bat emateko, Bizikidetza eta Giza Eskubideeei buruzko "plan estrategiko” bat egingo dutela azaldu dute.

ETAren indarkeria justikatzen duen jarrera oro gaitzetsiko dutela esan dute, baita giza eskubideak urratzen dituen beste edozein jarrera ere. Ebatzi ez diren atentatu guztiak argitzeko konpromisoa hartu dute eta biktima guztiei babesa emango zaiela ere azaldu dute. "Memoria kritiko" baten alde egingo dute, eta legeak uzten duen heinean, ETAko presoak gerturatzearen alde lan egingo dute, betiere Espainiako Gobernuarekin lankidetzan.

Justizia eta Segurtasun neurriak ere biltzen ditu aipatu atalak, indarkeria matxistari aurre egiteko plana, esaterako. Hilketa kopurua 1.000 biztanleko 40ra jaitsi nahi dutela adierazi dute.

Neurri zehatzei dagokienez, ertzain bakoitzak bere kamera izango dutela azaldu dute, euren egitekoak bermatu eta frogak izateko.

Euskadik duen kanpo sarea indartuko da, eta Ipar Euskal Herriarekin eta Akitania Berria-Euskadi-Nafarroarekin harremanak sustatuko dira.

Albisteak (2)