Itxi

Inbestidura saioa

Jaurlaritzak egindako kudeaketa eta haren "txiringitoak" salatu ditu Voxek

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

EAJk eta PSE-EEk gaur egungo krisiari aurre egiteko gai izan ez direla kritikatu ostean, Amaia Martinezek gogora ekarri du Vox "zilegitasun osoz" iritsi zela Legebiltzarrera.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Jaurlaritzak pandemiaren kudeaketa "negargarria" egin duela eta EAJk eta PSE-EEk "hainbat lagunen sabelak pozik izateko" Emakunde bezalako "txiringitoak" dituztela salatu du Voxeko legebiltzarkide Amaia Martinezek.

Duela urte batzuk, gaurko egunez, ETAk Santurtzin hil zuen langilea gogoan duela hasi du agerraldia Martinezek, ostegun honetan Legebiltzarrean egiten ari diren inbestidura saioa, eta "Viva España" oihukatuz amaitu du bere tartea, Vox alderdiko idazkari nagusi Javier Ortega-Smithen txalo zaparradarekin.

Voxi buruz esan du "zilegitasun osoz" heldu zela Legebiltzarrera, eta gogor kritikatu du gainerako alderdiek egin dioten isolamendua, besteak beste, ekimenak eta hitza hartzeko denborak mugatuta.

"Gure boto-emaileak geroz eta gehiago iraindu eta isilarazi, Vox gehiago haziko da", adierazi du Martinezek. "Josu Ternera legebiltzarkide zenean eta ETA jardunean zegoenean, HBri ez zizkioten horrelako mugak ezartzen", esan du.

Ildo horretan, EAJk eta PSE-EEk demokraziaren alde egindako lana pandemia garaietan egindakoarekin parekatu du, "hutsala" izan dela nabarmenduta. "Bizi dugun egoera larriari irtenbide bat eman beharrean, EAJk sezesioarekin itsututa arraitzen du, alegia, existitzen den proiektu insolidarioenarekin".

"Gaur egun gutxi dira EAJren kudeaketa ontzat jotzen dutenak. Zu (Urkullu), zure alderdia eta zure lagun Pedro Sanchez gezurteroak eta oportunistak zarete", gaineratu du.

Maddalen Iriarte (EH Bildu) hautagairen aurkako hitzak ere izan ditu gaurkoan. Hari buruz esan du "demokraziako krimen latzena" ordezkatzen duela, ETAri zeharkako aipamena eginda. Halaber, gogorarazi du koalizioa abertzalea "ETAko biktimekin zorretan" dagoela.

Bukatzeko, argi utzi du Voxek ez duela Legebiltzarrean EH Bilduren proposamen bakar bat ere babestuko, "gure helburu nagusia haiek legez kanpo uztea eta politikatik desagerraraztea delako".

Bideoak (1)