Inbestidura saioa
EH Bildu: "Zaharkitutako eta proiekturik gabeko gobernu grisa eskaini du Urkulluk"
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Nerea Kortajarenak ziurtatu du Euskadik politika egiteko modu berriak eta "gobernantza" berri bat behar dituela, eta Urkulluk ezin duela horrelakorik eman.
EH Bilduko legebiltzarkide Nerea Kortajarenak EAJko Iñigo Urkullu hautagaiari aurpegiratu dio herritarrei "gobernu gris bat" eskaintzen diola, "indarrik eta anbiziorik gabekoa, zaharkituta jaio dena". "Ez du proiektu nazionalik, ezta euskal herritarrak zaintzeko eta babesteko neurririk ere", adierazi du.
Ostegun honetan egiten ari diren inbestidura saioko arratsaldeko txandan hartu du hitza Kortajarenak. Han, azaldu du bi eredu daudela aurrez aurre: Urkullu ordezkatzen duena, alegia, EAJren eta PSE-EEren babesari esker aukeratuko dena, eta EH Bilduko Maddalen Iriartek aurkeztu duena (aurreikusitakoaren arabera, alderdikideen 21 botoak jasoko ditu).
Ildo horretan, sozialisten eta jeltzaleen arteko gobernu ituna gaitzetsi du EH Bilduko ordezkariak, eta ziurtatu du Euskadik politika egiteko modu berriak eta "gobernantza berri bat" behar dituela, eta Urkulluk ezin duela horrelakorik eman.
"Badakigu zein den gobernatzeko duen modua, hau da, badakigu ikuspegirik eta anbiziorik gabeko politika egiten duela", azaldu du. "Sinesgarritasun kontua da, eta hori EH Bilduk soilik eskaini dezake, hots, Maddalen Iriarteren proiektuak", azpimarratu du.
"Euskadik norabide berri bat behar du, eta Urkulluk orain arte zuzendutako gobernuek argi utzi dute krisi garaietan zein oparoaldietan huts egin dutela, baina baita COVID-19 pandemiaren kudeaketan ere", zehaztu du.
Halaber, Urkulluk gainerako alderdien babesa eskatu izana kritikatu du, "pandemian zehar ez baitu horrelakorik egin": "Ez dira gai izan gobernukideekin hitz egiteko".
Bukatzeko, gogora ekarri du gehiengo osoa izan ez dutenean ez dutela EH Bildurekin akordioetara iristeko asmorik erakutsi, eta, horrenbestez, zaila izango dela orain koalizio abertzalerengana jotzea. "Ez diegu herritarrentzat mesedegarriak diren akordioei trabarik jarriko, baina argitasuna eta zintzotasuna eskatzen dugu", gaineratu du.