Itxi

JAURLARITZA BERRIA

Asmo nagusien berri eman dute sailburuek, kargua hitz eman ostean

EITB.EUS

Leer en Castellano

Iñigo Urkullu lehendakariak azpimarratu duenez, elkarrizketa eta akordiorako borondatea eskainiko dizkie erakundeei, alderdiei eta gizarteari "Euskadi berriro martxan jartzeko".

Your browser doesn’t support HTML5 video

Musukoa aldean, distantzia gordeta eta ohikoa dena baino gonbidatu gutxiagorekin jabetu dira euren karguez Eusko Jaurlaritza berriaren sailburuak. Ondoren, departamentu bakoitzak dituen asmo nagusiak aurreratu dituzte. Bukatutakoan, lehen Gobernu bilera egin du Jaurlaritza osatu berriak.

Lehendakaria gobernu berria osatuko duten pertsonak izendatzeko dekretuak irakurtzen hasi da, eta, ondoren, banan-banan joan dira karguaz jabetzen. Gero, hitza hartu du Urkulluk. Lehen berbak aurreko legegintzaldian sailburu izan direnei eskerrak emateko erabili ditu. Segidan, egungo egoeraren argazkia egin du. Horren esanetan, "etapa berria abiatu dugu, eta zailtasunak ezagunak dira. Baikorrak gara, inguruabarrak malkarrak diren arren". "Badakigu zer den jausi eta berriro altxatzea", erantsi du.

Lehendakariak hitz eman du elkarrizketa eta akordiorako borondatea eskainiko dizkiela gainerako erakundeei, alderdiei eta gizarteari "Euskadi berriro martxan jartzeko".

"Gure ardura eta determinazioa indarrak biltzea da Euskadirentzat etorkizun berri bat bermatzeko eta aurrera egiteko. Entzun, erantzun eta batu euskal gizartearen beharrei, eskakizunei eta desioei hobeto erantzuteko".

Gonbidatu gutxi izan dira aretoan: sailburu berriak, Eusko Legebiltzarreko Mahaiko kideak eta aurreko legegintzaldian gobernukideak izan direnak. Karguren zina egin eta gero (sailburu gehienek euskara hutsean egin dute; Bingen Zupiriak, Iñaki Arriolak eta Javier Hurtadok, aldiz, euskaraz eta gaztelaniaz), Ajuria Enea jauregiko fatxada nagusiaren aurrean, Jaurlaritza berriaren argazki ofiziala egin dute.

Sailburu berrien asmo nagusiak

Josu Erkoreka Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Segurtasun sailburuaren arabera, exekutibo berrian 'bigarrena' izatea "ohorea da, baina baita erronka ere", eta ardura "apaltasunez eta adeitasunez" beteko duela hitz eman du. 

Erkorekak luze jardun du autogobernuaz eta Gernikako Estatutua guztiz betetzeko egun dagoen "aukera ezin hobeaz". Horren iritzian, "Gernikako Estatutua onartzen lehena izan zen, eta erreformatu ez den bakarra, eta are, bete gabe dago oraindik".

Bere beste arduraz, Erkorekak segurtasunaren garrantzia azpimarratu du "gizarte aurreratu bat eraikitzeko lanean". "Segurtasunik gabe ez dago jardun demokratikorik, ez demokraziarik", erantsi du.

Idoia Mendia Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enplegu sailburuak, bere aldetik, "Euskadi erreskatatzeko" unea dela adierazi du, eta lan hori "elkarrekin" egin behar dela erantsi du. Zeregin horretan "elkarrizketa soziala" aldarrikatu du. Horren iritzian, "krisiak aukerak" ere badira, eta berdintasuna aipatu du gako moduan: "Berdintasuna emakumeen eta gizonen artean, baina baita gazteentzat eta 45 urte gorakoentzat".

Sailaren erronkei dagokienez, "Lanbideren erreforma azkartzea eta Diru-sarrerak bermatzeko Errentaren Legea erreformatzea" aipatu ditu.

Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren arduradun berriak esan du bere sailak bi helburu zehatz izango dituela: "Batetik, administrazio publikoa modernizatzea eta gizartearen beharretara moldatzea, eta bestetik, Gernikako Estatutua osorik betetzea eta autogobernua sendotzea, Legebiltzarreko autogobernu lantaldeak egindako txostena oinarri hartuta".

Arantxa Tapiarentzat hirugarren legegintzaldia izango da honakoa, eta oraingoan Ingurumenaren ardura ere izango du, Ekonomiaren Garapen eta Jasangarritasun arloez gain. Legegintzaldi "konplikatua" izango dela aurreratu du, "Euskadi berreraikitzea" helburu nagusi izango duena. Tapiaren iritzian, "berreraikitze horrek azkarra izan behar du, baina ez edozein modutan egindakoa, oso ondo pentsatuta baizik, eredu sozial eta ekonomikoa justua lortzeko".

Tapiak uste du industriak "ekonomiaren ardatz nagusi eta motorra" izaten jarraitu behar duela, eta horretarako indartzen jarraitu behar dela "aurreratua eta modernoa" izan dadin, "baita ingurumenaren zaintzarekin bateragarria ere". Halaber, Sailaren helburua langabezia tasa % 10etik behera kokatzea dela gogorarazi, eta inteligentzia artifizialeko zentro bat sortuko dutela ere iragarri du.

Laburra izan da Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuaren hitzaldia. "Aurrekontu on bat osatu behar dugu, eta lanarekin eta erantzukizunarekin lortuko dugu", esan du. Azpiazuk doluminak eta besarkada bat helarazi nahi izan die koronabirusaren biktimei eta euren senitarteko eta lagunei.

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburu berriak hezkuntza komunitate guztiarekin "auzolanean" aritzeko konpromiso hartu du, ikaslea ardatz hartuta eta ikasgeletan segurtasuna bermatzeko helburuarekin.

Iñaki Arriola sozialistak Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren ardura izango du aurrerantzean. Bere hitzaldian, "euskal trenbide sareari behin betiko bultzada" ematearen alde egin du, eta 2015ean onartutako Etxebizitza Legean aurrera egingo duela hitz eman du, "behar duen orok alokairuzko etxebizitza duin bat izan dezan, arrazoizko prezio batean".

Aurreneko aldia zuen, bestalde, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak, eta aitortu duenez, "ez da erronka erraza izango, baina ilusioa eta indarra" ditu. Sailaren zutabeak zeintzuk izango diren azaldu du: lehen arretaren erreforma, Osasun Lege berria egitea, Osakidetzako lantaldea handitu, berritu eta egonkortzea eta instalazioak eta ekipamenduak modernizatzea.

Ardura gehiagorekin abiatu du Beatriz Artolazabalek legegintzaldia, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua izango baita. Gizarte Zerbitzuen euskal sistema "indartzen jarraitzeko" konpromisoa hartu du, "COVID-19aren krisiaren eragina gorabehera". Era berean, "pertsona guztien giza eskubideak" defendatuko dituela eta "bizikidetzaren aldeko apostu argia" egingo duela adierazi du.

Bera buru duen sailak esku artean dituen lau lege proiektuak ere aurreratu ditu: Memoria Historikoaren Legea, Gazteriarena, Berdintasun Legea eta gurtza zentroen eta aniztasun erlijiosoaren legea".

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta bozeramaileak gogora ekarri du koronabirusak utzitako irakaspena: zein inportantea den sortzaileen mundua. Eta alor horrek jasandako "kolpea" nabarmendu du. Horren iritzian, pandemiak "hizkuntzen indargune eta ahuldadeak" ere agerian utzi ditu, eta euskara ere "ahul samar" geratu dela deitoratu du. Egoera hori aldatzeko lan egingo duela agindu du.

Azkenik, Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburu berriak sektore horiek bizi duten "egoera konplikatua" gogoratu du. Horren aurrean, arlo horietako jardun ekonomikoa berreskuratu eta galdutako enpleguak berriro sortzeko lan egingo duela esan du.

Albisteak (4)

Bideoak (2)