Lege-proposamena
Alderdi independentistak legez kanpo uztea proposatuko du Voxek gaur Kongresuan
Agentziak | Erredakzioa
Lege-proposamen horrek EH Bildu, ERC, Junts, BNG eta CUP legez kanpo uztea aurreikusten du, besteak beste. Halaber, jasotako diru publikoa itzuli behar izatea eskatzen du Santiago Abascalen taldeak.
Alderdi Politikoen Legea aldatzea proposatuko du Voxek gaur Kongresuan, 2017an Kataluniako prozesu independentista bultzatu zuten alderdi guztiak legez kanpo uzteko asmoz. Lege-proposamen horrek EH Bildu, ERC, Junts, BNG eta CUP legez kanpo uztea aurreikusten du, baina eskuin muturreko alderdiak oraindik ez du zehaztu EAJ ere zerrenda horretan sartuko duen edo ez.
Santiago Abascalek berak joan den urtarrilean erregistratu zuen lege-proposamen hori, eta, orduan adierazi zuenez, "Espainiaren batasuna eta subiranotasuna suntsitzea bilatzen duten alderdi guztiak" legez kanpo utzi nahi dituzte, eta EAJk edo BNGk ere helburu hori lortu nahi badute, zerrenda horretan sartuko dituzte.
Voxen arabera, gaur egun badira euren estatutuetan "Espainia eta ordena konstituzionala" hausteko borondatea adierazten duten alderdiak. Horren iritziz, "indarkeria bultzatu dute, terrorismoa justifikatu dute eta auzitegien epaiak eta legeak ez betetzeko deia egin dute".
Hala, lege-proposamen horren bitartez, alderdi politikoak "parte-hartze politikorako tresna eta pluraltasun adierazpide" izan daitezen bermatu nahi du Voxek, muga batzuk ezarriz, "espainiarren arteko batasunerako eta elkarbizitzarako arrisku bat izan ez daitezen".
Horrela, euren estatutuetan 1978ko Konstituzioari berariaz men egiteari uko egiten dioten alderdiak legez kanpo utzi nahi ditu Voxek, baita indarkeria ekintza politikorako aukera baliagarri gisa justifikatzen dutenak, oinarrizko askatasunei eta eskubideei eraso egiten dietenak, erakunde terroristak babesten dituztenak, Espainiaren batasuna suntsitzea helburu dutenak eta herrialdearen subiranotasunaren aurkako erreferendumak edo legeak sustatzen dituztenak ere.
Horrez gain, "gutxieneko oinarri horiek" betetzen ez dituzten alderdi politiko guztiek orain arte jasotako diru publikoa itzuli behar izatea eskatzen du Santiago Abascalen taldeak gaur aurkeztuko duen ekimenean.